Monumentuaren argazkia

Irizar jauregitik gertu, Barrenkalearen bukaeran, XVI. mendean Bergaran garrantzi oso handia izan zuen Egino Mallea familiaren jauregia aurkitzen da, 1585 urte inguruan jaso zena. Bere fatxada nagusia ondo kontserbatzen da eta adibide paregabea da Errenazimendu manieristaren berezitasunak aztertzeko: multzoaren garbitasuna eta apaindura urria, funtsean elementu klasizistei (basamentu, zutabe...) eraketa erritmikoa eta simetrikoa emanez egiten dena. Fatxada nagusia sinplea da, baita aberatsa ere.


Erritmoa, gehien bat, baoen banaketaren bidez lortzen da. Erdiko aldean, horma ia biluzi baten gainean, portada eder bat dago, komemorazio arku handi bat bailitzan hiru solairuok elkarrekin lotu eta ia fatxadako apaindura elementu guztiak bereganatzen dituena.

Sarrera puntu erdiko arku bat da eta berorren ate-harri sendoak motibo geometrikoekin apainduta daude. Sarreraren alboetan eta honi markoa egiten, joniar zutabeak daude kartelaz apaindutako plintoen gainean.

Solairu nagusiak antzeko antolaketa erakusten du:

  • Erdi aldean ate-harriak dituen bao dinteldun batek balkoia eratzen du.
  • Balkoiaren alde banatan orden konposatutako bi zutabe daude.
  • Zutabe hauek ere, kartela klasikoz apaindutako oinarriak dituzte, eta aldi berean, kate batez apainduriko friso bati eusten diote.
  • Frisoaren gainean frontoi erdibitu bat dago.
  • Frontoiak bi bola pare ditu piramideen gainean kokatuta: motibo hori XVI. mendearen azken herenean asko erabili zen.

Goiko solairuak bao dinteldun txikiago bat du orden konposatutako zutabe artean. Egino Mallea jauregiari buruz egindako azkeneko ikerketek frogatu egin dute obra hau Pedro de Ibarra maisuarena dela.

Bistan da Pedro de Ibarra arkitekto jantzia zela eta oso ondo ezagutzen zituela Europako mendebaldean puntakoak eta modernoak ziren estilo arkitektonikoen bereizitasunak. Horren lekuko Egino Malleako jauregi honen fatxada zoragarria, Gipuzkoan gelditzen diren fatxada Errenazentisten artean onenetarikoa ezbairik gabe.