Monumentuaren argazkia

Santa Anako parkean ikusiko dugun Errotalde jauregia Aroztegitarren leinuko adar batek eraiki zuen 1598 eta 1604 urteen artean, antzinagoko dorre bat zegoen lekuan. Jauregiaren barrua oparotasunez aberastu zuten 1615. urtearen inguruan, sabai, erlaitz, eskailera eta teilatu-hegalaren zuretan egin ziren tailatutako dekorazio ederrekin. Etxea Murua familiarena izatera pasa zen 1661.ean. Izan ere urte horretan erosi egin zuen Errotalde Santiagoko Ordenuko zaldun eta Sevillan zituen negozioei esker gizon aberatsa zen Martin de Murua Elorregi kapitainak. Honek, aldaketa nabarmenak agindu zituen:

  • Bere armarria ipini zuen jauregiaren fatxadan.
  • Leihoak handitu eta zabaldu zituen. Burdin-lan primerakoak diren karel eta balaustrekin hornitu zituen leihook.

Errotalde jauregia, gaur egun, Udalaren Kultur Etxearen egoitza da; beraz merezi du bertaraino hurbiltzeak, Kultur Etxearen zerbitzuak erabiltzeko eta lehen aipatu ditugun elementu artistikoez gozatzeko: jauregiaren arkitekturaren dotorezia, leiho eta balkoietako burdin-lanen aberastasuna, barruko eskailera eta sabaietako dekorazioaren fintasuna eta jauregiaren teilatu-hegalaren oparotasuna.

Errotalde Jauregitik gertu, parkean bertan, Santa Ana ermita dago. Inguru honetan 1551. urtean San Franzisko Borjakoak jendaurreko bere lehen meza eman zuen eta, tradizioaren arabera, 10.000 pertsona bildu ziren une hartan.