Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra aurkeztu dute Bergaran

TAUN TAUN Teatroak Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen XVII. Mostra aurkeztu du. Ekimena bienala da, eta 1991n egin zen lehenengo aldiz.

Estatuko arte bizien programazioan hutsune interesgarri bat bete nahi izan du. Izan ere, Bergarakoa ikuslego heldu batentzat egiten den lehenengo antzerki mostra da. Nabarmena da jaialdiaren jarraitutasuna. Handia ez izan arren, bere ibilbidean zehar munduko herrialde ezberdinetatik iritsitako 190 artista baino gehiagok bisitatu dute.

Bergarako egoera sozioekonomikoaren aurkezpen publikoa egingo du Udalak

Bergarako Udalak azterketa sakona egin du azken hilabeteetan herriko egoera sozioekonomikoa aztertzeko. Orain, behin emaitzak lortuta, horien aurkezpen publikoa egingo du urriaren 9an, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan.

Azterketa honen abiapuntua izan da Bergarako egoera sozioekonomikoaren 2019ko ikerketa eguneratzea. Helburua da gaur egungo egoera sozioekonomikoa ezagutzea eta etorkizunera begira aztertu beharreko alderdiak eta erronkak identifikatzea.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 25. edizioa aurkeztu dute

Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako Udalek eta Fray Joseph Echevarria Elkarteak Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 25. edizioa aurkeztu dute astearte goizean.

Fray Joseph Echevarria Elkarteko kide Itziar Urbietaren hitzetan, askotarikoa eta gustagarria den egitaraua antolatzen ahalegindu dira. Kanpotar organista entzutetsuek eta bertakoek hartuko dute parte, beste hainbat musika tresna eta ahots taldeekin, nahiz eta beti protagonismo nagusia organoari eman. Loiolako Basilikan, eta Bergarako eta Azkoitiko parrokietan hamar kontzertu eskainiko dira urrian.

Eskualdeko erreka garbiketa egingo da urriaren 19an

Debagoiena eskualdeko errekak garbi mantentzeko asmoz, herri ezberdinetako herritar, elkarte zein eragile ezberdinek erreka garbitzeko ekimena jarri dute martxan auzolanean.

Bergarari dagokionez, urriaren 19an, 9:30etan, hiru gunetan elkartuko dira taldeak: Labegaraieta kiroldegia, Osintxu eta Seminarioko patioan. Bergararen kasuan, Udalak garbiketarako materiala jarriko du eta antolaketa lanetan lagunduko du. Antolatzaileek bizikletaz hurbiltzeko gonbidapena egiten diete herritarrei.

Orriak