webmaster-k Az, 2025-10-15 10:39-n bidalia
Bergarako Udalak, Retina Gipuzkoa Begisare-ren laguntzarekin, ikusmen murriztua edo itsutasuna duten pertsonentzako antzerkia irisgarriago egiteko proiektu berritzailea jarri du martxan. Ekimen honen helburua da antzerkiaren esperientzia inklusiboa eta eskuragarria izatea ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzat, arte eszenikoen gozamena guztion eskura jarriz.
Ekimen hau “Hemen ez du inork ordaintzen” antzezlanarekin hasiko da, Doke Antzerki Taldeak aurkeztuta. Emanaldia urriaren 25ean, larunbatean, 20:00etan izango da Seminarioan, eta sarrerak 8 euro balio du. Sarrerak eskuratzeko: www.seminarixoa.eus edo Seminarioko leihatilan (asteazkenetan, 18:00-20:00). Emanaldia hasi baino ordu bete lehenago egokituko da irisgarritasun saioa.
Horretarako, antzezlanaren emanaldia hasi baino ordu bete lehenago, ikusmen desgaitasuna duten pertsonek aukera izango dute eszenatokira hurbiltzeko. Bertan, eszenako elementuak ukitu ahal izango dituzte, haien kokapena ezagutzeko, eta aktoreekin harreman zuzena izateko: janzkera, ahotsa eta ezaugarri nagusiak identifikatzeko. Halaber, ikusmenik gabe ulertzeko zailak diren pasarteak aurrez azalduko zaizkie, eta gidoian aldaketa deskriptiboak egingo dira, informazioa modu ulergarrian transmititzeko.
Proiektuaren sustatzaileek adierazi dute helburua argia dela: antzerkia inklusiboagoa egitea eta ikusmen murriztua duten pertsonek kultur jardueretan parte hartzeko aukera berdintasunean izatea. Gainera, egokitzapen gehiago egiteko prest daudela adierazi dute, behar edo iradokizunen arabera.
Ikusmen murriztua itsutasunera iritsi aurretik sortzen den egoera da, eta ez da konpontzen ez betaurrekoekin, ezta zirujiarekin ere. Gipuzkoan 13.000 pertsona inguruk pairatzen dute, eta adinekoen artean (70 urtetik gorakoak) portzentajea %25era iristen da.