Eguna: 
Abuztuak 16, Osteguna

Herritar askorentzat ezezaguna den arren, San Roke da Bergarako bi patroietako bat. Bestea, guztiontzat ezaguna dena, San Martin Agirre da.

San Roke XIV. mendearen erdi alderan jaio zen Montpelierren (Frantzia) familia aberats batean. Seme bakarra zen eta 20 urterekin umezurtz geratu zen. Orduan, bere ondasunak saldu eta Erromara abiatu zen erromes. Garai hartan Europa Izurri beltzak astindu zuen eta San Roke bere erromesaldian gaisoak sendatzen ahalegindu zen, bere medikuntzako jakintzak praktikan jarriaz. Horren ondorioz, mundu osoan gurtu izan den santuetako bat da.

1507an izendatu zuen orduko udal gobernuak San Roke herriko zaindari, “hainbat aldiz herritarrak izurritearen gaitz kutsakorretik babestearren”. Urte horretan bertan sortu zen San Pedro parrokian San Sebastian eta San Rokeren Kofradia eta inguru horretan baita Santa Marina parrokian ere.

Kofradia horiek elkartasun helburu argia zuten, Juan Madariaga historialariak Historia social de Bergara en su época preindustrial liburuan (Bergarako Udala, 1991) adierazten duenez: “Kofradia hau sortu zen, bereziki, izurriteen ondorioz, guraso eta seme-alabak beren gertukoei lur emateko prest ez zeudenean, enterrarioetan laguntzeko. Kofradia-kideek horretarako obligazioa hartzen zuten, bereziki, heriotza asko gertatzen zenean”.
Izan ere, Madariagak dioenez, izurritea zen garaiko gizarteko gaitz nagusia, “gerra eta gosea baino kontrolatzen zailagoa”.

Egoera horretan, kofradiak konpromisoa hartzen zuen kideren bat lan horietan jardutearen ondorioz gaisotuz gero, ahalik eta osagilerik onenak (“físicos doctos”) jartzeko eta, hilez gero, ahalik eta abarrotsik txikienarekin hilobiratzeko. Hildakoa pobrea bazen, gainera, kofradiak berak hartzen zituen bere gain, hileta gastuak baina ez, ostera, ondasunik bazuen.
Santa Marina parrokian San Sebastiani eta San Rokeri eskainitako erretaula dago eta badira edo izan dira San Rokeren irudiak San Prudentzioko elizan eta Areskurenetako San Martin ermitan ere. (Imanol Sorondo, “Las 38 ermitas de Bergara”).
1758ko maiatzaren 29an, garaiko udalbatzak San Martin Agirre izendatu zuen zaindarikide, San Rokerekin (“patroi loriatsu eta babesle miresgarriarekin”) batera.
Aspaldian ez da Bergaran San Rokeri eskainitako zaindari-jairik ospatzen baina bere garaian handikiro ospatu izan ziren. Adibidez, XVIII. mendeko udal-aktetan, sarri aipatzen dira abuztuaren 16an Ariznoako plazan izaten ziren zezen-korridak edo prozesio, meza nagusi eta abarrak.
Udal artxiboko agirietan jasota dagoenez, joan zen mendeko 60ko hamarraldian ere artean irauten zuen prozesio batek, hiru egunez San Rokeren imajina alkatearen etxera eramaten zuenak.
Gaur egun, Abuztuak 16ean jai berezirik egon ez arren, udako ekintzen barruan beti antolatzen dira ekintza bereziak eguna gogoratu nahian.