Herritarren bizi kalitatea, ongizatea eta herritarren beharrei erantzuten dieten aurrekontuak aurkeztu ditu Udal Gobernuak. Legealdiko konpromisoei jarraituta, bergarar guztiondako hobea izango den Bergara bat eraikitzen jarraitzea da helburu nagusiena. Ekonomia berpizten ari da azken urteotan eta horren alde lanean jarraitzen dugu.

Aurten, gainera, lehenengo aldia izango da udal aurrekontuak abenduko osoko bilkurara eramango direna. Hortaz, bide onean, aurrekontuak indarrean egongo dira urtarrilaren hasierarako.

Proiektu izarrak

Seminario azpiko parkinga eta Labegaraietako kiroldegiaren berritzea dira 2019ko egitasmo nagusienak, biak ala biak herritarrek askotan eskatutakoak eta herritarron ongizaterako funtsezkoak. Horrekin batera, Zubieta eraberritzeko proiektua eta Osintxuko Plan Berezia ere landuko dugu.

Labegaraietako kiroldegia berritzeko Gipuzkoako Foru Aldunditik dirulaguntza oso handia jasoko du Udalak. Bestalde, lur azpiko parkingaren lana egitearekin bat, baliatuko da kolektorea mugitu eta Ibargarai ingurua berrurbanizatzeko; hiru lan egingo dira bertan. Gainontzean 2019a proiektuak idazteko urtea izango da. Hain zuzen ere, Zubietako kontsolidatze lanak, Simon Arrieta plazakoa; Matxiategi kooperatiben espaloiak, Martokoko bizilagunekin adostutakoa; eta Anbulatorioaren ingurua aparkaleku eta mugikortasun aldetik urbanizatzeko aukerak aztertzea.

Ongizatea guztiontzat

Ongizateko partida handitu egin dugu bergarar guztion ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Horren baitan etxeko laguntza zerbitzuan erabiltzaileek ekarpen txikiagoa egin beharko dute jende nagusiaren zaintzarako eta, gainera, zaintzako ordu gehiago eta asteburuko zerbitzua ere eskainiko zaie. Era berean, adin txikikoei eta bazterkerian daudenei laguntzeko partida ere handitu dugu.

Kulturari dagokionez, Seminarixoa hobetzen jarraiko dugu, Bukle elektronikoarekin lanean gabiltza eta Gureak-ekin batera landutako ‘Pauso Berria’ programaren bitartez kultura laguntzaile aritzeko 2 langile berri gizarteratuko ditugu.

Eta Ondare elementu garrantzitsu gisa, Zabala fatxada berreskuratu eta birkokatu egingo dugu.

Partaidetza

Partaidetza indartu eta iazko esperientziarekin jarraituta, arduradun politikook eta udal langileek egin dugu kontsulta sailez sail beharrak eta erronkak hobeto detektatu eta aurrekontuak zehazteko.

2016an Bergarako nekazal auzoetan partaidetza prozesu zabala martxan jarri genuen.

2016ko Ideia Lehiaketatik atera ziren egitasmoak gauzatzen jarraitzen dugu. 2019an Agorrosinen Ur Jolasak jarri eta Goiko Estazioko gunea aisialdirako eta jolaserako egokituko da.

Bergarako 750. Urteurrena antolatzeko eratutako mahaietan proiektu oso sendoak atera dira, eta burututakoez gain, datozen urteetan ere horiek gauzatuko ditugu.

Horrekin batera, aurten 260.000 euroko partida zabaldu dugu herritarrek aukeratutako proiektuak egiteko udalerrian zein auzoetan. Udalak zenbait egitasmo jarriko ditu jendaurrean, eta herritarrek egitasmo gehiago aurkeztuko dituzte. Herritarrek aukeratuko dute zeintzuk egin nahi dituzten.

Udalak ateak zabalik ditu herritarron nahiak eta beharrak entzuteko. Bide horretan laster izango da prest Herritarren Arretarako Zerbitzua.

Ingurumen aldetik Udalak pausoak ematen jarraitzen du: hala, udaltzaingoaren eta garbiketarako ibilgailu jasangarriagoak eskuratuko dira; Led argiteria publikoa ezartzen jarraituko dugu; San Lorentzon saneamendu sarean ur zikinak jaso, eta amiantoko hornidurak aldatuko dira.

Sustapen ekonomikoari buruz, Amillagako industriagunea urbanizatzeko partida ere baliatu dugu.

Turismoan, Dolmenen ibilbidearen sendotzea baliatuta, Elosu inguruari behar duen aisialdi eta balio turistikoa emateko baliabideak jarriko dira bertakoen eta kanpokoentzat gune estrategikoa izan dadin.

Hezkuntzari dagokionean, Eskola Publikoarekin dugun konpromisoa jarraituta, eraikuntzak balorean jarriko ditu: leihoak, asfaltatzeak…

Zertzelada batzuk zenbakitan:

2019ko udal aurrekontua 23.957.476 eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuta pixka bat handiagoa.

Sarreren eta gastuen arteko oreka betetzen da; aurrezki garbia positiboa da (2.504.152 euro), Zor bizia %39koa; eta Gastu araua %2,7koa.

Sarrera arruntak %7,6 igoko dira (+1.203.000 euro) 2018koekiko, ordenantza fiskal berriengatik eta udalerrian dagoen aktibitatearen garapenagatik.

Inbertsioei dagokionez, kopurua 3.679.058 eurokoa da, 2018koaren oso antzekoa.

Gastuetan, aldiz, gorakada handiena izango dute Gizarte Zerbitzuak (%16), Kirolak (%43) eta Informatikak (%16).

Barruko funtzionamendua errazteko, Kreditu Globala kontzeptua martxan jarri dugu: boltsa orokor baten bitartez, batzordeek errazago izango dute diru disponibilitatea.

-260.000 euro herritarrek aukeratutako egitasmoak gauzatzeko.

-930.057 euro Labegaraieta kiroldegiaren berritze lanen lehen faserako.

-320.000 euro Seminario azpiko parkinga egitearekin bat, ingurua berrurbanizatzeko.

-340.000 euro bidegorri sarea handitzeko San Antoniorantz.

-175.000 euro Amillaga industriagunea handitzeko.

-1.946.867 euro Gizarte Zerbitzuetarako; horietatik 680.000 euro etxeko laguntza zerbitzurako, aurten baino %35 gehiago. Hortaz, erabiltzaileek %25 gutxiago ordaindu beharko dute.