Herriko 10 eragilek erabaki dute ‘Bergara Oinez’ izeneko ekimena martxan jartzea. Hala, hemendik urte bukaerara arte hamar ostegunetan hamar ibilaldi antolatuko dituzte Agorrosinetik abiatuta; lehena, ostegun honetan bertan.

Helburua da herritar osasuntsuagoak izatea eta jarrera hori ahalik eta herriko sektore gehiagotara zabaltzea; horregatik herriko 10 eragile batu dira ekimenera, oso izaera anitzekoak.

Esan bezala, irteerak ostegunetan egingo dira eta Agorrosinen hasi (10:30) eta bukatuko dira. Ibilaldiak errazak eta irisgarriak izango dira, ordubetekoak. Batez ere zuzenduta daude 65 urtetik gorakoei, baina herritar guztiak dira ongietorriak. Komeni da hiru egun aurretik izena ematea Agorrosinen edo San Joxepe elkartean. Ibilaldiaren ostean, hamarretakoa osasuntsua emango zaie.

Ekimenak balio du bai jarduera fisikoa egiteko; eta baita ere sozializazioa indartzeko.

Ekimenean batu diren eragileak hauek dira: Aranzadi, Mariaren Lagundia, San Joxepe, Kattalin, Duintasuna, Pol-Pol MT, BPXport, Udala, Anbulategia eta Osasun Publikoa.

Eta hauek dira zehaztutako hitzorduak:

-Martxoak 14. San Joxepe.

-Martxoak 28. Kattalin.

-Apirilak 11. Osasun zentroa.

-Maiatzak 2. Aranzadi.

-Maiatzak 16. Duintasuna.

-Ekainak 6. Osasun Publikoa.

-Urriak 3. Pol-Pol MT.

-Urriak 17. BPXport.

-Azaroak 7. Mariaren Lagundia.

-Azaroak 21. Udala.

Ideia Osasun Saretik dator. Herriko hainbat eragile 2016an hasi ziren batzen eta hainbat helburu zehaztu zituzten; hala nola, herriko elkarteei ikusgarritasuna ematea; herritar guztiontzat bizitza osasuntsuarekiko sentsibilizazioa lantzea; eta herriko mugikortasunean hobekuntzak proposatzea.