webmaster-k Az, 2026-09-30 09:40-n bidalia
Hilabeteko lehen ostiraletako kontzertuen zikloak badu urte amaiera arteko programazioa. Urritik abendua arte hiru kontzertu izango dira: urriaren 9an, Olaia Inziarte; jarraian, Usondoko kontzertuetan eguraldiagatik atzertu zen Txuma Murugarrenen kontzertua, azaroaren 6an; eta amaitzeko, abenduaren 11n White Carters-en doinu dantzagarriak izango dira.
Olaia Inziarteren sarrerak seminarixoa.eus webgunean daude salgai, eta gainontzekoak ere laster jarriko dira bertan.
Olaia Inziarte
Olaia Inziarte musikariak (Oronoz, 1999) bigarren lan luzea plazaratu du Zerrautsa izenpean. Disko berria arlo pertsonaletik haratago doala dio nafarrak, “hauskortasunari, eraldaketari eta barne-adiskidetzearen bilaketari buruzko elkarrizketa unibertsalean sakontzeko”. Era berean, hausnarketa kritikoa egiten du gizartean sortzen diren dinamikei buruz, bereziki, musikaren munduan sortzen diren dinamikei buruz, eta etsipenetik abesten ditu.
Zerrautsa sortze-prozesuan ezinbestekoa den, baina baztertzen den hondakin-materiala da. Metafora honek norberaren izaeraren eraikuntzan eta esperientzia pertsonalen bitartez bizitako prozesuarekin bat egiten du. Disko honetarako, soinu organikoak eta elektronikoak uztartu ditu musikariak, gitarra distortsionatuak, sintetizadore analogikoak eta vocoder-ak erabiliz. Horrek guztiak, emozio-espektro zabal eta bizia duten paisaia musikalak eraikitzen dituela adierazi du.
Txuma Murugarren
Bai, bai, serio, Txuma Murugarren autotunearekin. Bai, bai, halaxe da, Txuma rock elektronikoarekin jolasean. Ez, ez, ez da txantxetarako, «ni ez naiz poeta, ni harakina naiz» tirokatzen du, diskoa entzuten hasi eta haren ahotsa agertzen den lehenengo aldian. Hortik atera kontuak. Oreretakoaren zakarkeria arti hori! Ados, badakigu den-dena ez dela agerikoa, eta lehenengo gordinkeria geruzaren harresiaren ondoren zain daukagula kantariaren mundu poetiko aberatsa: argi-ilunez, egunerokotasunez, emozioz, intimitatez betea. Eta halaxe gertatzen da Hemen Beharko Luke diskoarekin.
White Carters
Sustrai afroamerikarretan oinarritutako musika du abiapuntu White Carters taldeak, eta gaur egungo Funken soinura jauzi egiten du.
Talde honek, berezko energiaz indartuta, Funk, Soul eta R & B-ko soinu errealaren lagin bat gerturatu nahi dio publikoari, eta bere errepertorioan genero honetako estandar modernoak eta zaharrak nahasten dira bere jatorrizko konposizioekin batera.

