Bergarako Udalak jakinarazi du urriaren 6an, asteartean, Iriburu kaleko azken aldapa berriz asfaltatzeko lanak egingo direla. Abuztuan asfaltatu zen errepide zati hori, zoladuraren egoera txarra zela eta, baina egindako lanaren zati bat ez zen behar bezala geratu. Hori dela eta, lanak egin zituen enpresak asfaltatutako zatia konponduko du.

Konponketa egin ahal izateko, ibilgailuen joan etorria eten egingo da Iriburu kaleko asfaltatu beharreko tartean lanek irauten duten bitartean. Asfaltatze lanetarako erabiliko diren makinak eta kamioiak Koldo Eleizalde kaletik sartu eta irtengo dira.

Horren ondorioz, inguruko trafikoa berrantolatu beharko da, eta Koldo Eleizalde zein Iriburu kaleetako hainbat aparkaleku aldi baterako libre utzi beharko dira.

Zehazki, Koldo Eleizalde kaleko aparkalekuen alde bat libre utziko da, Koldo Eleizalde 3 zenbakitik errotondaraino, asfaltatzeko makinen joan etorria ahalbidetzeko eta trafikoa bideratzeko. Iriburu kalean ere hainbat aparkaleku libratuko dira, ibilgailuentzako gurutzatze-puntuak prestatzeko. Puntu horiek hesien bidez adieraziko dira.

Lanek irauten duten bitartean, Iriburu eta Koldo Eleizalde kaleetan trafikoa bi noranzkoetan antolatuko da, inguruko ibilgailuen joan-etorria bermatzeko.

Bergarako Udalak herritarrei eskatzen die behin-behineko seinaleztapena errespetatzeko eta lanek eragindako aparkalekuak libre uzteko, lanak ahalik eta modu arin eta seguruen gauzatu ahal izateko. Era berean, Udalak barkamena eskatu du lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.