San Martin feriaren barruko barazki, fruta eta gazta lehiaketaren eta gainontzeko elikagaien postuak adjudikatzeko oinarriak 

Eguna: 2019ko irailaren 14a, larunbata

Feriaren kokalekua eta ordutegia:

  • Kokalekua: Oxirondo plaza, Azokaren aurreko aparkalekua
  • Ordutegia: 9:30-14:30

FERIAREN EZAUGARRIAK

Feriaren barruan barazki, fruta eta gazta lehiaketa egingo da eta baita, baimendutako elikagaien salmenta ere.

SALMENTA POSTUA JARTZEKO ARAUDIA

Postuen kokapena eta ordutegia

Udalak postuak banatu eta antolatuko ditu. Udalak jarritako postua ustiatzeko lizentzia lortzen dutenek 2 metroko postu bana izango dute. Dena den, eskaeran postu gehiago eskatu ditzakete eta, postu libreak baleude eta egoki irudituz gero, udalak postu handiagoak baimentzea erabaki ahal izango luke.

Dena den, eta kontuan izanik feriaren ezaugarrietako bat dela barazki, fruta eta gazta lehiaketa, lehiaketara aurkezten direnak lehentasuna izango dute postuaren adjudikazioan.

Udalak zehaztutako kokapena aldaezina izango da, eta udalarentzat erabat diskrezionala.

Gehieneko postuak

Janari-produktuen erakusketa eta salmentarako postuak: Gehienez 46 postu

Produktu desberdinak izango direla bermatzeko, postu kopurua produktu motaren arabera banatuko da:

  • Barazkiak eta frutak. 12 postu
  • Kontserbak: 4 postu
  • Eztia: 2 postu
  • Gazta: 12 postu
  • Ogiak eta gozogintza: 12 postu
  • Urdaitegiko produktuak: 4 postu

Landare apaingarrien erakusketa eta salmentarako postuak: Gehienez 2 postu

San Martin ferian ez da artisau posturik jarriko.

Postuez gain, udalak baimendutako beste erabilera batzuk ere eman daitezke gune honetan.

Ordutegia:

Saltokiek eta saltzeko produktuek 9:30erako jarrita egon beharko dute. 07:00ak baino lehen ezingo da saltokirik muntatzen hasi, eta 14:30etik aurrera jaso beharko dira.

9:30-14:30 bitartean ezingo da karga/deskargarako ibilgailurik sartu feriaren gunean.

Eskabideak aurkezteko lekua eta modua

Eskaerak egiteko derrigor oinarri hauei erantsitako inprimakia erabili beharko da. Inprimakia egoki osatuta eta sinatuta egon beharko da.

Inprimaki hori erabilgarri egongo da udalaren web-orrian: https://uzt.gipuzkoa.eus/home.do?De=EU074121878

Horrekin batera honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

Kasu guztietan:

  • Eskaera egiten duen pertsonaren Nortasun Agiria (NAN)
  • Enpresaren IFK (Identifikazio Fiskaleko Kodea), eskaera eginiko produktuen salmentari dagokiona.
  • Gizarte Segurantzan eta Ogasunean egunean daudela ziurtatzen duen agiria.

Elikagaien postuetarako, gainera:

  • Osasun Erregistroko zenbakia edo Osasun-baimena (giza kontsumorako elikagaien kasuan).
  • Elikagaiak manipulatzeko txartela, edo baliokidea den ikastaroaren ziurtagiria, ontziratu gabeko produktuen salmentaren kasuan. Bost urtetik goragoko dokumenturik ez da onartuko.
  • Nekazaritzarako ustiategiaren txartela, produkzio propioaren kasuan.

Gainera, hurrengo atalean jasotako puntuak eskuratu nahi badituzte, bertan zehazten diren dokumentuak.

Oharrak:

  • Dokumentu guztiak pertsona edo enpresa beraren izenean egon behar dute.
  • Ez da tramitatuko dokumentazioa irakurtezina duen edo osatu gabe dagoen inolako eskaerarik.
  • Barazki, fruta eta gazta postuetan, lehiaketan parte hartu nahi dutela espreski ez bada adierazten eskaeran, ulertuko da salmentarako bakarrik aurkezten dutela eskaera.

Dokumentazio guztia ez aurkeztea arrazoi nahikoa izango da onartutakoen zerrendan ez sartzeko.

Eskaerak egin daitezke goian aipatutako dokumentazioarekin aurkeztuta:

  1. Oinarri hauei erantsitako inprimakia bete eta helbide elektroniko honetara bidalita: ferixabergara@bergara.eus edo web-orrian zintzilikatuta egongo den formularioa erabilita: https://uzt.gipuzkoa.eus/home.do?De=EU074121878
  2. Edo bestela, udaletxeko BAZera (Herritarren Arreta Zerbitzura) bertaratuta.

Eskaera egiteko epea: 2019ko uztailaren 22an amaituko da.

Adjudikaziorako prozedura

Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda prestatuko du eta 2019ko abuztuaren 30ean web-orrian argitaratuko du, erreklamazioetarako edota falta den dokumentazioa aurkezteko 5 eguneko epea emanez. Erreklamazioak edota falta den dokumentazioa posta elektronikoko helbide honetara bidali beharko dira: ferixabergara@bergara.eus

Erreklamazioak edo aurkeztutako dokumentazio osagarria aztertu ondoren, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda prestatuko du eta web-orrian argitaratutako du, zozketaren egun eta orduarekin batera.

Janari-produktu eta landare apaingarrien erakusketa eta salmentarako postuak adjudikatzeko, hauek izango dira irizpideak:

  • Tokiko ekoizleak (Nekazaritza eta abeltzaintza produktuak ekoiztu eta merkaturatzen dituenak, kontsumitzailearekiko hurbiltasun geografikoa eta bitartekaritzarik gabeko harreman zuzena bermatuz).

Dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatu beharko du agiri bidez. Puntu 1.

  • Produktu artisauen saltzaileak (Produktu tradizionalak, ekoizpen-prozesuaren jatorria kontrolatuta, lurralde bati lotuak eta kultura-sustraiekin identifikatuta, eskuz landutako teknika ez-automatikoekin eginak, gehigarririk gabekoak, eta ekoitzitako bolumenak mugatuak). Dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatu beharko du agiri bidez. Puntu 1.
  • Kalitate bereizgarriak dituzten produktuak (Jatorri Izendapen Babestua, Adierazpen Geografiko Babestua, Tradizional Bermatua): Eusko Labela, Euskal Baserriko Haragia, Euskadiko Kantauriko  Hegaluzea, Euskadiko Kantauriko Antxoa, ekoizpen ekologikoko elikagaiak.

Agiri bidez egiaztatu beharko da. 2 puntu (0,5 puntu agiriko eta 2 puntu gehienez).

Baldintza guztiak betetzen dituzten modalitate bereko eskabideen artean puntuazioan berdinketa izanez gero, postua zozketa bidez adjudikatuko da, lehentasuna emanez puntu gehien dutenei.

Puntuak dituztenei postua adjudikatu eta hala eta guztiz ere postuak libre geratuko balira, punturik ez dutenen artean egingo da zozketa.

Emaitza eta kokapena web-orrian argitaratuko dira. 

Postua eskuratzeko baldintzak bete baina postua eskuratu ez dutenekin, itxarote-zerrenda bat osatuko da.

Norbaitek uko egin nahi badio, udalari posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dio (ferixabergara@bergara.eus  helbidera mezua bidalita), gutxienez feria-eguna baino 7 egun natural lehenago, eta udalak itxarote-zerrendan geratu denari adjudikatuko dio.

Adjudikazio-hartzaileen betebeharrak:

 Seinaleztapena eta dokumentazioa

  • Salmenta-postuetako arduradunek ondo ikusteko moduko leku batean jarri beharko dute emandako identifikazio-txartela.
  • Udal langileek edo arduradunek eskatutako dokumentazioa derrigorrean aurkeztu beharko da.
  • Salgai jarritako produktuen prezioak kartel batean jarriko dira, edonork ondo ikusteko moduko lekuan.
  • Parte-hartzaileek haien ekoizpenen jatorria argi adierazi eta bermatu beharko da.
  • Produktuekin zerikusia duten agiri guztiak Udal Ikuskatzailetzaren eskura egongo dira saltoki guztietan (osasun-erregistroa, etiketak eta produktuaren jatorria identifikatuko duten gainerako agiri guztiak). Agiri horiek ez badaude, identifikatu gabeko produktuak berehala kentzeko agindua eman ahal izango da eta/edo zigor bat jarri ahal izango da, osasun arloan.
  • Jendaurrean jartzen diren testuen hizkuntza:
    • Udalaren hizkuntza-irizpideei jarraituz, jendaurrean jartzen diren kartelak (produktuen izenak eta bestelako informazioak) euskaraz egon beharko dira (edo, behar denean, euskaraz eta gaztelaniaz, euskarari lehentasuna emanda).
    • Testuak euskaratzeko laguntza behar izanez gero, UEMAra jo daiteke (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea: 943 81 66 99 edo komunikazioa@uema.eus) edo baita Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzura ere (euskara@bergara.eus), beti ere astebete aurretik.
    • Eta feria-egunean testuen hizkuntzaren jarraipena egingo da.

Produktuen gaineko informazioa

  • Produktuaren kalitatearen erantzule izango dira une oro. Produktu horiek ezingo diete eragin inolako osasun edo segurtasun arriskurik kontsumitzen dituztenei, ez dute kalitatean ez kantitatean iruzurrik egingo, ez dira faltsifikatuta egongo, ezingo dira identifikatu gabe egon eta komertzializatzeko gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.
  • Tenperatura hotzean eduki beharreko produktuak saltzen dituztenek derrigorrean izan behar dituzte hozkailuak, produktu guztiak bertan gorde ahal izateko.
  • Ezingo da inongo produkturik komertzializatu, gaixotasunak sendatzeko balio duela edo ezaugarri terapeutikoak dituela esanez.
  • Janari-produktuak ondo ordenatuta jarriko dira ikusgai, sailkatuta eta banan-banan, bakoitzak bere ezaugarri bereziei ondo eusteko eta usainak, zapore arraroak eta kutsadura ekiditeko.
  • Ezingo da janari-produkturik zoru gainean utzi (bestelako euskarririk gabe). 
  • Ekoizle bakoitzak bere ustiategian edo baldintza sanitario egokiak betetzen dituen establezimendu batean sortu, elaboratu edota ontziratutako produktua bakarrik saldu ahal izango du. Saltzaileak berak lehengaia ekoizten ez badu, bakarrik emango zaio baimena establezimenduaren titularra bada.
  • Ekoizle bakoitza produktu mota batengatik aukeratuko da ferian parte  hartzeko, eta produktu horixe baino ezingo du saldu. Izena emateko inprimakian zehaztutako produktuak baino ezingo dira salgai jarri.
  • Elikagaiak, eta batez ere urdaitegiko produktuak, ez dira jendearekin  kontaktuan jarriko, baita ontziratu gabeko produktuak ere, eta behar bezala babestuta eduki beharko dira, erakusleihoak edo antzekoak erabilita.
  • Ontziratutako produktuek behar bezala etiketatuta egon beharko dute, etiketa eta kontraetiketa jarrita (beharrezkoa den kasuetan).
  • Azokaren tarte osoan bete beharko dira adjudikazioa emateko ezarri diren baldintzak eta betebeharrak, baita eskudunak diren udal arduradunek emandako jarraibideak ere.
  • Operazioaren diru-kopurua 400 eurotik beherakoa bada, egindako salerosketaren frogagiri gisa derrigorrezkoa da bezeroei gutxienez faktura sinplifikatua ematea, eta hor agertu behar dira agiri-zenbakia, enpresaren izena, helbidea, xehetasuna, diru kopurua eta data. Kopurua 400 eurotik gorakoa bada, faktura arrunta eman beharko da.

Beste betebehar batzuek:

  • Salmenta postuan, ezarritako ordutegian, titularrak egon beharko du –edo, hala badagokio, hark izendatutako pertsonak–, eta Gizarte Segurantzan alta emanda izan beharko du.
  • Bakoitzak adjudikatutako lekua erabili ahal izango du bakarrik (beste lekurik ez).
  • Merkataritza-jarduera gauzatzen duten bitartean, arlo horretan indarrean dagoen araudiak ezartzen duena bete beharko dute, batez ere ondoko gaiei dagokienean: osasun publikoa, merkataritzako jarduera, azokaren diziplina, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa, eta zerga-erregimena eta Gizarte Segurantza.
  • Pisatu eta neurtzekoak diren produktuak saltzen dituzten postuetan arauzko baskula eta metroa eduki beharko dira.
  • Baimendutako tarte osoan bete beharko dira adjudikazioa emateko ezarri diren baldintzak eta betebeharrak, baita eskudunak diren udal arduradunek emandako jarraibideak ere.
  • Azokak irauten duen artean derrigorrean bete beharko dira begirune, txukuntasun eta garbitasun baldintzak. Saltzen dagoenak garbi egon beharko du, baita aldean daraman arropak eta jarduerarako behar dituen tresnek ere.
  • Eskabidean azaldu eta egiaztatutako produktuak askotarikoak eta nahikoak egongo direla bermatzea, saltzearen ondorioz postua hutsik gera ez dadin.
  • Salmenta-postu guztietan, erreklamazio-orriak jarriko dira herritarren eskura.
  • Azokaren behar bezalako garapena aldatu edo eragotziko duen ekintzarik ez egitea.
  • Antolatzaileek oinarriak betearazteko emandako jarraibideak bete beharko dira.

BARAZKI eta FRUTA LEHIAKETA ARAUDIA

Partehartzea: Izena eman dezakete nekazaritza ustiapenerako txartela dutenek.

Izen ematea eta dokumentazioa aurkeztea: oinarri orokorretan jasotako eran.

Ordutegia: goizeko 7:30etan hasiko dira salgaiak jartzen eta 9:30etarako prest izango dira.  Ordu horretan pasatuko da epaimahaia. Eta postuak 14:30etik aurrera jasoko dira.

Salmenta: Epaimahaiaren erabakia jaso ondoren hasiko da salmenta, 10:30ak inguruan.

Dieta: Partehartzaileei 100 euroko dieta emango zaie, antolatzaileek erabakitako gutxieneko barazki barietateak aurkeztuz gero.

  • Postu bat baino gehiago jarriz gero; hau da, barazki eta fruta postuak jarriz gero, 100 euro jasoko ditu baserritarrak. 

LEHIAKETA:

Sarituko diren salgaiak: Norberak landatutako fruta eta barazkiak izan beharko dira. 

Sariak honako hauek izango dira:

Barazkiak                                Fruta

  1. 500€

500€

  1. 450€

450€

  1. 400€

400€

 

Sariak emateko orduan honako baldintza hauek hartuko dira kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi edo saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi edo saltzea.

Dieta eta sariak transferentzia bidez ordainduko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ/IRPF) dagokiona kenduta.

 

GAZTA LEHIAKETA ARAUDIA

Partaideak:

  • “Artzai Gazta” elkarteko edo/eta “Idiazabal Gazta” jatorri deiturako kide izan behar du.
  • Partehartzaile bakoitzak gazta bat aurkeztu ahal izango du.

Izen ematea:

  • Posible da lehiaketan parte hartzea salmenta posturik jarri gabe. Kasu honetan, “Artzai Gazta” elkarteko edo/eta “Idiazabal Gazta” jatorri izendapenaren bulegoan eman behar da izena.
  • Salmentarako postua jarri nahi bada, oinarri orokorretan jasotako eran egin beharko da eskaera.

Aurkeztu beharreko agiriak:

  • Identifikazio Agiria (NAN, AIZ, pasaportea)
  • Osasun erregistroan izena emanda izatea ziurtatzen duen agiria
  • Jarduera ekonomikoen zergaren alta (IAE)
  • Gizarte Segurantzaren azken kuotaren agiria.

Ordutegia: Gaztak goizeko 9:00etatik 10:00ak bitartean aurkeztuko dira, epaimahaia elkartu eta  dastaketa egin ondoren epaia emateko.

Kartelen hizkuntza: Udalaren hizkuntza irizpideei jarraituz,  jendaurrean jartzen diren kartelak (izenak eta bestelako informazioak) euskaraz egon beharko dira (edo behar denean euskaraz eta gaztelaniaz, euskarari lehentasuna emanda).

Dietak: Gazta bakoitzak 30 euroko dieta izango du.

Sariak

Honako hauek izango dira sariak:

Gazta

  1. 500€              
  1. 450€
  1. 400€

 

Saria irabazleak edo berak izendatutako ordezkari batek jaso beharko du.

Dieta eta sariak transferentzia bidez ordainduko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ/IRPF) dagokiona kenduta.

 Oharra: Lehiaketan parte hartzeak ez du salmentarako postua eskuratzeko baimenik ematen. Salmentarako postua nahi bada, aurrez eskaera egin eta udalak postua adjudikatu beharra dago.