Gaur, asteazkena, zabaldu da berriro Bergarako Gaztelekua, Zabalotegin.

Albiste oso ona da herriarentzat Bergarako Gaztelekua berriro martxan izana; 12 eta 17 urte bitarteko gazteendako zerbitzua da, doanekoa eta publikoa. Udalak apustu sendoa egin du Gaztelekuko langileek hezitzaile profila izan dezaten -lehen bertako langileei ez zitzaien titulazio espezifikorik eskatzen, aisialdiko begirale titulua eskatzen zitzaien- eta zerbitzua asteko egun gehiagotara zabaltzeko. Biak bermatu dira: lau bergarar arituko dira lanean: Markel Manuel, Leire eta Saioa Agirre eta Alvaro Fernandez; eta Gaztelekua zabalduko da asteazkenetik igandera bitartean. Horrekin guztiarekin nahi da nerabeei zerbitzu gehiago eta hobea eman, bizitzako etapa oso garrantzitsua delako.

Ordutegia, hauxe:

-Asteazken eta ostegunetan, 17:00-20:00.

-Ostiral, larunbat eta igandetan, 17:00-20:30.

Nerabeak bizitzarako trebatzen dituen aisialdiko zerbitzua da hauxe, gazteen parte-hartzearekin eraikia, profesional hezitzaileen bidelaguntzarekin eta nerabe guztiei zuzenduta dagoen. Gainera, ekintza gehienak Gaztelekuan egin arren, Gazteleku kanpoko esparrua ere sustatu nahi da herriko beste eragileekin elkarlanean.

Ate irekiak

Gaztelekuaren zerbitzuari buruz gehiago jakiteko, gazte zein gurasoek ateak zabalik dituzte gaurtik, irailak 18, aurrera. Ez da izena eman behar eta zerbitzua doan da.

Horrez gain, larunbatean ongietorri festa egingo da, 17:00etatik aurrera. Asteazken eta ostegunetan bi hezitzaile arituko dira lanean; eta ostiral, larunbat eta igandetan hiru.

Hezitzaileek nabarmendu dute Gaztelekua oso handia dela eta aukera asko ematen dituela: frontoi bat, sukaldea, gela handi bat, aterpea, hiru gela... Hala, gazteen eta hezitzaileen artean gunea altzariz, apainduraz eta bizipenaz betetzeko zain dituztela.