Badira ya makina bat urte ikasturte hasierarekin bat herriko kultura elkarteekin batera Kultura Kalera ekimena antolatzen dena.

Ekimen honen helburua da herriko kultura elkarteak ezagutzera ematea eta euren jarduerak kalera ateratzea.

Aurten ere elkarte ugari batu dira ekimenera; 17 guztira. Eta herritarrok aukera izango dute elkarte horiek urte osoan egiten dutena ikusi eta ezagutzeko. Irailaren 27tik 29ra bitartean, ostiral iluntzean hasi eta igande bazkal ordura arte, izango da zer ikusi eta zer probatu herrian. Udalak gonbidapena egiten die herritarrei parte hartzeko!

Asmoa da herrian daukagun kultura elkartegintza aberats eta anitza erakustea. Gauza asko egiten dira herrian, ugari, eta askotan ez daukagu horren berri. Are gehiago, igande goiz eta eguerdian elkarte gehieneak mahai informatiboak jarriko dituzte eta herritarrek aukera izango dute informazioa jaso eta, nahi izanez gero, izena emateko.

Programa

Ostiralean (irailak 27) haurrentzako jolasak izango dira San Martin plazan Jardunen eskutik. Egun berean Bergarako Orkestra Sinfonikoak entsegu irekia egingo du publikoari atea zabalik; Musika Eskolan bertan izango da.

Larunbatean Bergarako herria hobeto ezagutzeko bisita gidatua izango da, euskaraz, San Martin plazatik abiatuta. Interesatuek Laboratorium-en eman beharko dute izena lehenbailehen.

Horrez gain, iluntzean kontzertu berezia egingo dute Bergarako Orfeoiak, Orfeoi Gazteak, Aritzeta abesbatzak eta San Joxepe abesbatzak. Bakoitzak emanaldi laburra egingo du eta bukaeran emankizuna elkarrekin. Guztira 106 ahots izango dira.

Eta domekari dagokionez, herriko hainbat elkarteren tailerrak eta informazio puntuak izango dira San Martin plazan.

Gainera, asteburu osoan foodtruck-ak egongo dira.