Maiatza hasieran Udalak 20.000 euroko hasierako poltsa sortu zuen www.kuttuna.org webguneak bultzaturiko erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko negozioak laguntzeko. Horri esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko lirateke aipaturiko negozioetara.

Herriko merkataritza eta ostalaritza negozio txikiek zein zerbitzuek oso ondo hartu dute ekimena eta dagoeneko 80 negozio batu dira ekimenera; hau da, horiek guztiek haien produktuak ere eskuragarri jarri dituzte bonuen bidezko plataforma honetan. Era berean, oso denbora gutxian herritarrek 80.000 euro gastatu dituzte herriko negozioen aldeko bonoetan. Horri gehitu behar zaie Udalak lehen pausoan jarritako 20.000 euroak.

Horregatik, Udalak Kuttuna.org plataformarekin adostu du beste 20.000 euroko poltsa sortzea. Hortaz, herritarrek aukera izango dute herriko negozio kuttunetan 100.000 eurora arteko kopuruan erosketa-bonuak eskuratzeko. Eta behin kopuru horra helduta, aipatutako negozioen alde 200.000 euro batuko dira.