Mizpirualde egoitzako erabiltzaileek eta hauen familiek modu lasai eta seguruan erabil dezaten eremu bat prestatu du Bergarako udalak. Gaurtik aurrera, abenduak 23, izango dute eremu hori erabilgarri.

Errekalde parkeko eremu bat izango dute haientzat soilik astelehenetik ostiralera 16:00etatik 19:00etara, modu esklusiboan.

Gainontzeko herritarrek, ordutegi horretatik aparteko orduetan erabili ahal izango dute aipatu eremua.

Bestetik, ermita pareko eserlekuak Mizpirualdeko erabiltzaile eta hauen familientzat erreserbatuta egongo dira, eta haiek bakarrik erabili ahal izango dituzte.

Udalak eremuak markatuko ditu zinta eta baranda bitartez eta ordutegiak eta erabilera arauak gogorarazteko kartelak jarriko ditu. Halaber, egoiliarren familiei jakinarazpena bidaliko zaie honen berri izan dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko den egoitzako hainbat erabiltzailek COVID-19ak eragindako osasun egoera dela eta, segurtasun eza sentitzen dutela jakinarazi dute. Gaur bertan bildu dira Udaleko ordezkariak, Gorka Artola alkatea buru, egoitzako zuzendaritzarekin. Modu honetan, bertako egoiliarrak seguru senti daitezen bermatu nahi da.