Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzeko helburuz 2020ko udazkeneko erosketa-bonuen kanpainan 607.584 euro bideratu zaie aipatu sektoreei 4.254 eroslek egindako erosketen bitartez.

Bergarako Udalak sustatutako kanpaina azaroaren 18an hasi eta abenduaren 31n amaitu da.16 urte baino gehiago dituzten Bergaran erroldatutako herritarrak izan dira diruz lagundutako erosketa-bonuen onuradunak. Aipatutako 4.254 erosleek 6.924 bonu erosi eta erabili dituzte.

Balorazio sakonagoa egiteke (aurrerago egingo da), argi esan daiteke erabaki egokia izan dela bonuak dendetan bertan erosteko aukera eman izana, izan ere, 5.384 bonu saldu dituzte establezimenduetan bertan, offline eta 1.540 saldu dira online bergara.bonoak.eus plataformaren bitartez. Udaberrian egin zen lehen kanpainan bonuak online eskuratzeko aukera baino ez zegoen.

Erabilitako bonuen balioa 607.584 eurokoa izan da. 492.741 euro erosleek ordaindutako dirua, eta hortaz, 114.842 izan da hobariaren kopurua.