Aranzadi Zientzia Elkarteak “Oroimena eta Giza eskubideak Bergaran” izeneko proiektua garatuko du Bergaran. Jarduneko alkate Ainhoa Letek azaldu duenez, “Bergaran Gerra Zibileko, diktadura frankistako eta azken hamarkadetako giza eskubideen urraketen memoria berreskuratu eta aldi horretan urratu diren giza eskubideak ezagutarazteko” helburuarekin.

Leterekin batera udalbatza osatzen duten hiru alderdietako bozeramaleak, Nagore Iñurrategi (EH Bildu), Maite Agirre (EAJ-PNV) eta Alberto Alonso (PSE-EE), eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Buces egon dira udaletxean egindako agerraldian.

Lan horren bitartez, eremu lokalean bete nahi ditu Bergarako Udalak nazioarteko zuzenbideak giza eskubideei buruz ezartzen dituenak, eta bere egin Egiarako, Justiziarako eta Erreparaziorako printzipioak, Letek azaldu duenez.

Hortaz, “helburuaren erdigunean dira, batetik, Bergarako memoria historikoa eta gertukoa berreskuratzea eta bestetik gertatu denaren egia zabaltzea memoria kolektibora txertatzeko, eta, bestalde, ikerketako emaitzak zabaltzea eta dibulgazioa egitea”.

Beste udalerri batzuetan bezala Bergaran ere horrelako ikerketa prozesu bat bultzatu eta ikerketaren zabalpena egitea egokia eta komenigarria izan daitekeela ulertu dute Bergarako udalbatzako hiru alderdiek, jarduneko alkateak esan duenez.

Proiektu honen bidez, Bergarako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, tokiko eremutik Giza Eskubideen arloko Nazioarteko Zuzenbidea bete nahi du, giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiei laguntzen dieten Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren printzipioak bere eginez.

Bucesek azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. Lanaren helburua da 1936tik gaur egunera arte bergararrek jasan duten giza eskubideen aurkako gertakariak batzea, izen-abizenekin, gertatutakoaren ahalik eta erradiografiarik osoena izateko. 2023. urte amaierara arte iraungo du ikerketak, eta webgune baten bistaratuko dira jasotako testigantza eta informazioak, edozeinen eskura izan daitezen. Informazio bilketa udal artxiboan ezarriko den Oroimenaren Bulegoan egingo da; bertan, herritarrek aurrez aurre egin ahal izango dituzte kontsultak eta errepresioari buruzko testigantzak eman.

Oroimenaren bulegoa

Oroimen bulegoa zabalduko da udal artxiboan. Bertan, herritarrek 1936 eta gaur egun arte errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta jasaten dituzten senide edo pertsonen inguruko informazioa eskatu ahal izango dute. Halaber, informazioa eman ahal izango dute. Aranzadik taldeko ikertzaile bat egongo da bertan, horrelako lanetan esperientzia duena.

Bulegoa herritar guztientzako egongo da zabalik, apirilaren 27an, eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, denak asteazkenak.10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era.

Telefono bat eta helbide elektroniko bat ere jarri du Aranzadik hala nahi duten herritarrek haiekin harremana egin dezaten: memoria@aranzadi.eus, 943 46 61 42.

Herritarren testigantzak garrantzitsuak izango dira, gertatutakoaren zati bat ez baitago artxiboetan jasota.

Ikerketa

Ikerketa zientifikoa izango da, beraz, ideologia guztien gainetik egingo da, inpartzialtasunez. Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, baina hori egiteko egia osoa jakin behar da, gertatutakoaren benetako erradiografia egin, Arantzadiren esanetan. Bergaran ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute proiektuarekin.

Webgunea

Webgunea ere egingo da, eta ikerketaren emaitzak eta egindako elkarrizketak jasoko dira bertan.

Aranzadi Zientzia Elkartea Irabazteko Asmorik Gabeko Erakunde bat da, Eusko Jaurlaritzak Herri Onurako elkarte izendatua 2001eko azaroaren 13ko 287/2001 Dekretua dela medio.

Aranzadi Zientzia Elkartea Gerra Zibilean desagertutako pertsonen ikerketa arkeologiko - forentsea alorrean aritu den erakunde bakarra da Euskal Herrian, arlo honetan aitzindaria izan da eta nazioarte mailan erreferentea bihurtu da. Hori dela eta sari desberdinak jaso ditu, hala nola Eusko Jaurlaritzak ematen duen giza eskubideen alorreko René Cassin izeneko saria, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere antropologia saileko zuzendaria den Francisco Etxeberriari emandako Gipuzkoako giza eskubideen saria eta Sabino Arana Fundazioak alor honetan egindako lanei esker emandako saria.