Energia Berriztagarrien Komunitatea eratzeko prozesuan lanean ari dira herriko hainbat norbanako, enpresa eta eragile. Herritarren kezken eskaerari erantzunez, 2021. urtean egin ziren lehen urratsak Ehundu eraldaketa sozialerako proiektuaren testuinguruan.

“Energiaren gaiak herritarron artean zentralitatea hartu du azken hilabetetan eta horri erantzuteko asmoz sortuko da Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK). Energia Berriztagarrien Komunitateek onura sozial, ekonomiko eta ingurumerekoak lortzea dute helburu. Trantsizio soziekologikora bidean pausoak emateko beharrezkoa da horrelako ekimenak aurrera eramatea. Eta horretarako ezinbestekoa da eragileen arteko elkarlana eta lankidetza”, Ehunduko Ander Zangituren esanetan.

Elkarlan publiko-komunitarioaren lanaren emaitza da Ehundu bera. Herritarren beharrak entzun eta horiei erantzun kolektiboa emateko espazio baten beharra ikusi zen covid-19ak eragindako osasun pandemia betean, eta hilabetetan elkarlanean arituta loratu zen proiektua. Herriko eragileen eta norbanakoen artean sareak eratzea du helburu proiektuak, eta bergararren etorkizun bizigarriagoa eraikitzeko gaurko eta biharko korapiloei aurre egiteko tresnak sortzea, horietako bat da, esaterako, Energia Berriztagarrien Komunitatea eratzeko prozesua. 

Bergarako Udala bestela ere ari da energia berriztagarrian inguruan lanean, eta Energia Mahaia ere badu, bereziki arlo horretan etorkizunera begirako erronkei aurre egiteko prestatzeko. Trantsizio Energetikoa, baina, herriari, eta herritarrei eragiten dien gaia izanik, modu publiko-komunitarioan lantzearen alde egin zuen. 

Hala hasi ziren lanean Emun, Goiener, D2030, Bergarako Udala eta Ehundu. Eragile bakoitzaren funtzioak definituta, urteko dinamika adostu zen. Ibilbidean talde eragilea ere osatu da, gerora dinamikaren erroa izan dena. Lan-talde horretara herritar, eragile, udal langile eta enpresa batzuetako kideak batu dira.  Hilabetero elkartzen dira eta herritarrak bertaratzeko deia egin nahi dute. (Informazio gehiagorako: ehundu@ehundu.eus).

Alet taldeko kidea da Mikel Almortza, eta balioabide propioak erabiltzearen alde hitz egin du: “Guk sortzen duguna ahalik eta ehuneko handienean erabili behar dugu. Gure baliabideak zeintzuk diren jakin, eta ahal diren denak erabili eta ustiatzen saiatu”.

Herritar batzuk ere ari dira dagoeneko proiektuan parte hartzen. Prozesuan zehar, “formatu egin gara, definizio bat egin dugu, eta iruditu zaigu momentua dela herritarrei zabaltzeko, eta parte hartzera gonbidatzen ditugu”, azaldu du Olatz Olaso herritarrak.

Formazioa, beste herrietako esperientziak… jasotzearekin batera, Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko urratsak egin ditu taldeak, askotariko gaiak lantzeko lan-taldeetan banatuta. Orain arte egindakoaren berri ematea da oraingo helburua, eta hurrengo urratsa izango da herritarrei, herriko enpresei, taldeei, ikastetxeei… EBK sortzeko prozesuan sartzeko gonbidapena egitea. Horretarako aurkezpena egingo da urriaren 25ean arratsaldeko 18:30ean, UNEDen.

Trantsizio energetikoaren testuinguruan, herritarren ahalduntze eta ekintza bideratzeko gaitasuna izango du komunitateak, eta burujabetza energetikoaren bidea jorratuko du. Komunitateak helburuen artean izango ditu eraginkortasun neurriei esker energia aurreztea, energiaren inguruko formakuntza, informazioa eta aholkularitza zerbitzuak bideratzea, eta baita energia berriztagarri proiektuak sustatzea ere. Dagoeneko proiektu posibleak lantzen ari da, eta aurrerago emango du horien berri.