Bergarako Eskolako Agenda 2030 proiektuaren bitartez, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat egin eta “Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea” den 7. Helburua landu dute. Ikastetxe guztien artean elkarlanean udalerriaren egoera hobetzeko esku-hartze plana diseinatu eta udal ordezkariei aurkeztu diete adin guztietako ikasleek.

Proiektuaren protagonistak

Bergarako Udala eta Berritzegunea dira programa honen sustatzaileak. 2023-2024 ikasturtean Aranzadi Ikastola, Ipintza Institutua, Mariaren Lagundia ikastetxea, eta San Martin Agirre ikastetxeko 3.000 ikasle ingururen partaidetza izan da, Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzaraino.

Eskola Agenda 2030a udal ordezkari eta ikasleen arteko harreman zuzena ahalbidetzen duen heziketa programa da, hezkuntza komunitatearen partaidetza oinarrizkoa delarik. Horrekin batera, Berritzeguneak aholkularitza eta koordinazioa eskaintzen du, enpresa laguntzailea den eta programa dinamizatzeaz arduratzen den Araziko lantaldearekin batera.

Esku-hartze planaren diseinua eta garapena

2022-2023 ikasturtean egindako lanari jarraipena emanez, udalerriaren diagnostikoa oinarri bezala hartu dute ikasleek. Hortik abiatuta, hobekuntza proposamenak aztertu eta bideragarriak direnak aukeratu dituzte. Ikastetxe guztien arteko bilera ospatu ondoren elkarlanean garatu beharreko ekintzak adostu ziren. Batetik, Lehen Hezkuntzako ikasleek burutu duten marrazki lehiaketa eta bestetik, Bigarren Hezkuntzako ikasleek zuhaitzen inguruan egindako lanketa. Helburu nagusia ikasleak modu aktiboan inplikatzea izan da, hitzetatik ekintzetara jauzi eginez.

Ikasturteko Ibilbidea

Ikasturtearen lehen hiruhilekoan ikasleek egiteko moduko ekintzak identifikatu eta ikastetxe guztien artean adostasuna bilatzeko pausu ezberdinak eman ziren. Modu honetan, eragile guztien inplikazioa bilatu da erabakiak hartzeko prozesuari garrantzia emanez. Bigarren hiruhilekoan adostutako ekintzak martxa jartzeko tartea eskaini da, ikastetxe bakoitzak bere erritmoa jarraitu duelarik. Emaitzak eskolen arteko foroan partekatu ditugu ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko harremana indartuz.

Ikasleek egindako lana udal ordezkariei aurkeztu zaie maiatzaren 8an ospatu den Udal Foroan. Bilera honen bitartez hezkuntza komunitatea eta udal ordezkarien arteko harremanak sendotzen dira, Eskola Agenda 2030ean sorturiko ekarpenak Tokiko Agenda 2030a aberasteko baliatuz. Izan ere, energiaren ezagutzan sakondu eta jasangarria den udalerria lortu ahal izateko, denon inplikazioa ezinbestekoa da.