Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntza emango die 2025ean Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdi Jardueratarako Begirale zein Zuzendari” titulua euskaraz lortu duten bergararrei.

Laguntza eskatu ahal izango dute 2025ean titulua euskaraz lortu dutenek, arlo teorikoa ere 2025ean amaituta. Eskatzaileek Bergaran erroldatuta egon beharko dute ikastaroak iraun duen bitartean, eta ikasle edo langabezian egon direla egiaztatu beharko dute. Gainera, ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea eta Udalarekin zorrik ez izatea ezinbestekoa izango da.

Udalak matrikularen kostuaren %50era arteko laguntza emango du, ikasle izanez gero edo ikastaroa egin bitartean langabezian egon bada. Guztira, 4.000 euro bideratuko dira laguntza hauetara 2025eko aurrekontutik. Aurrekontua eskari guztiei erantzuteko nahikoa ez bada, laguntzak proportzioan gutxituko dira.

Laguntzak eskatzeko epea abenduaren 12an bukatuko da. Eskaerak Bergarako Udaleko Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztu beharko dira, udalak horretarako prestatutako inprimakia erabiliz. Dokumentazio osagarri gisa, nortasun-agiria, titulua edo ziurtagiria, saio teoriko eta praktikoak euskaraz egin izanaren egiaztagiriak, matrikularen ordainagiria eta ikasle ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Oinarriak: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2025/11/13/c2507767.pdf