Bergarako Udalak ‘Bergara Bizi’ bonu-laguntzen deialdia egingo du aurten ere, 3 eta 18 urte arteko ikasleak dituzten eta baldintzak betetzen dituzten familiei eskola materialarekin lotutako gastuei aurre egiten laguntzeko. Bonuak urriaren 1etik 20ra eskatu ahal izango dira Udaleko B@Z arreta zerbitzuan.

Laguntzaren zenbatekoa ikaslearen adinaren araberakoa izango da. 2014 eta 2023 artean jaiotako haur bakoitzeko 100 euroko bonua emango da; eta 2008 eta 2013 artean jaiotako gazte bakoitzeko, berriz, 150 eurokoa.

Bonuak Bergarako saltokietan erabili beharko dira, haur eta gazteentzako eskola materialarekin lotutako erosketak egiteko. Besteak beste, arropa eta oinetakoak, kirol materiala, hiztegiak, motxilak, estutxeak eta bestelako eskola materiala, material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak erosi ahal izango dira. Bonuak erabiltzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 izango da.

Bergara Bizi bonuak eskuratzeko, familiek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE), Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren (GLL) edota Bizitzeko Gutxieneko Diru sarreraren onuradun izan beharko dute. Halaber, laguntzaren onuradun izango den ikaslearen gurasoetako batek gutxienez azken sei hilabeteetan etenik gabe Bergaran erroldatuta egon beharko du.

Familiek 3 eta 18 urte bitarteko pertsonak izan beharko dituzte beren kargura, hau da, 2008 eta 2023 artean jaiotakoak. Derrigorrezko eskolaratze adina gainditu dutenen kasuan, 2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoek ikasten jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute, araututako ikasketen matrikula-ziurtagiria aurkeztuta. Gainera, bonuak eskuratzeko ezin izango da Bergarako Udalarekin zorrik izan.

Bonuak urriaren 1etik 20ra eskatu beharko dira Bergarako Udaleko B@Z Arreta Zerbitzuan, udaletxeko beheko solairuan, dagokion eskaera-dokumentua beteta.

B@Z zerbitzuaren ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara da; ostegunetan, 07:30etik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aurretik hitzordua hartzea gomendatzen da, hitzordua.bergara.eus webgunearen bidez edo 010 telefonora deituta. Bergaratik kanpotik deitzeko zenbakia 943 779 100 da.

Bonuak Bergarako saltokietan gastatzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 izango da, eta gastatutako bonuen justifikazioa Udalean aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 15ean amaituko da.