webmaster-k Ar, 2026-09-29 10:52-n bidalia
Bergarako Udaleko Osoko Bilkurak Bergarako ITASUA enpresako langileen lan gatazkaren harira aurkeztutako mozioa onartu du. Horren bidez, Udalak gatazkari irtenbidea emateko elkarrizketa eta negoziazioa sustatzearen alde egin du.
ITASUAko Bergarako langileak greba mugagabean daude uztailaren 13az geroztik. Langileen ordezkariek aurkeztutako mozioan azaltzen denez, 2025aren amaieran enpresaren eta ordezkarien arteko negoziazio-mahaia eratu zen, 2026-2028 aldirako enpresa-ituna negoziatzeko. Hainbat bilera egin ostean, negoziazioa blokeatu egin zen, eta Bergarako langileek enpresak eskainitako lan-baldintzak nahikoak ez zirela iritzita grebara jotzea erabaki zuten.
Langileen aldarrikapen nagusien artean dago Bergarako lan zentroko baldintzak Gipuzkoako beste IAT zentroetako langileen lan-baldintzekin parekatzea eta Gipuzkoako lan-zentroak kontuan hartuko dituen akordio duin bat lortzea.
Gatazkari irtenbidea bilatzeko asmoz, langileen ordezkariek Gipuzkoako Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritza ere eskatu zuten uztailaren 23an, baina bilera hartan ez zen akordiorik lortu.
Mozioa onartuta, Bergarako Udalak enpresarekin harremanetan jartzea eta negoziazio-mahai baterako baldintzak sustatzea adostu du, akordio duin bat lortu eta lan-gatazkaren konponbidean urratsak egin ahal izateko.
Era berean, Udalak ELA eta LAB sindikatuek, langileen babesarekin, irailaren 24rako deitutako herri mobilizazioari babesa eta atxikimendua adierazi dio.
Mozioaren onarpenaren bidez, Bergarako Udalak elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko jarrera berretsi du, langileen eta enpresaren arteko akordioa ahalbidetu eta gatazkari irtenbidea emateko bidean urratsak egin daitezen.

