webmaster-k Ar, 2026-09-29 15:37-n bidalia
Miriam Hontana biolin-jotzaileak eta Daniel Oyarzabal organistak irekiko dute larunbat honetan, urriaren 3an, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren XXVII. edizioa. Zikloa Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek antolatzen dute Fray Joseph Echevarria elkartearen eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Azkoitiko eta Bergarako parrokietan eta Loiolako Basilikan hamar kontzertu eskainiko dira guztira urrian. Azkoitian, hilaren 3an, 10ean, 17an eta 24an izango dira kontzertuak, 20:00etan.
Aurtengo edizioa aurkeztu dute gaur Fray Joseph Echevarria elkarteko Itziar Urbietak eta Loreto Aramendik, eta udal ordezkariek, Azkoitiko eta Bergarako zinegotziek, Sonia Vazquezek eta Maite Usabiagak, hurrenez Hurren, eta Azpeitiko Kultura teknikariak, Hector Borgek.
Organoko musika klasikoa eta garaikidea uztartzen dituen zikloak Euskal Herriko eta nazioarteko interpreteak bilduko ditu Cavaillé-Coll organo historikoen inguruan, Erwan Leprado kasu. Itziar Urbieta Fray Joseph Echevarria elkarteko kidearen arabera, "ziklo zabala eta askotarikoa izango da. Japoniako, Estatu Batuetako eta Europako musikariak datoz, baita Euskadikoak eta Nafarroakoak ere. Hiru organo handi ditugu eta zukua ateratzea nahi dugu, mimo handiz antolatu baitugu zikloa". "Baditugu organo soileko kontzertuak, eta beste batzuk, biolinarekin, oboearekin edo abeslariekin uztartuko ditugu”.
Azkoitiko egitarauari dagokionez, nazioartean ibilbidea sendoa duen Daniel Oyarzabal organista gasteiztar ezagunak, eta bere belaunaldikoen artean nabarmendu den Miriam Hotana biolin-jotzaileak irekiko dute zikloa. Antonio Vivaldi, Modest Mussorgski, Johannes Brahms edo Ludwin van Beethovenen obrak interpretatuko dituzte. Biek ala biek kontzertu-aktibitate Itzela dute.
Urriaren 10eko errezitaldia Olatz Saitua sopranoak, gaur egun Bilboko Kontserbatorioan eta Musikenen irakasle denak, eta Xabier Urtasun organistak, Musikenen eta Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean irakasle denak, emango dute.
Arrazoi pertsonalengatik, Stephen Tharp organo jotzaile estatubatuarrak bertan behera utzi behar izan ditu bere kontzertu guztiak, eta, bere ordez, 17an, Erwan Leprado frantziarra izango da Azkoitian.
Bergarako Musika Eskolako ikasleek emango diote amaiera zikloari urriaren 24an. Azpeitian ostiraletan izango dira kontzertuak, eta Bergaran, igandean, "beraz, denetara joan daiteke", adierazi du Itziar Urbietak. Udalek kontzertuez gozatzeko deia egin diete herritarrei.

