Martxoan izandako euriteen ondorioz, Aritzeta auzoko bidean luizia izan zen, Kereixatsu baserri ondoko bidean. Luiziak 3 baserri isolatuta utzi zituen eta horregatik, emergentziazko prozesua abian jarri zuen Udalak arazoari ahalik eta azkarren emateko irtenbidea. Horrela, lur jausiaren eremua egonkortzeko eta pasabidea ireki ahal izateko, hormigoizko harri-lubeta sendo bat egin da, bidearen azpialdean eta goialdean. Era berean, bidea zolatu da eta imposta eta bionda jarri dira segurtasuna bermatzeko.

Azterketa geoteknikoak adierazitakoaren arabera, haitza uste baino gorago kokatuta zegoen eta horrek lanak erraztu egin ditu. Horregatik, eraikitako euste-horma uste baino txikiagoa izan da. Horrez gain, bigarren fase batean erremate lanak burutu dira eta obrak behin betikoz amaitutzat eman dira.

Guztira, 33.500€ inguruko aurrekontua izan dute konponketa lan horiek.

Bestalde, otsaila amaieran azaldu bezala, 2014ko azaroan izan zen lur jausiaren ondorioz, Elorregiko hilerrira zeraman bidearen egoera ere ez zen egokia. Horregatik, errepide ondoko horma berreraiki da, zoladura konpondu eta bide azpiko ura bideratzeko ere kanal moduko bat ipini da.

Lanak hiru hilabetez luzatu dira eta proiektuak 110.000€ inguruko aurrekontua izan du.

Bi lan hauez gain, Osintxu eta Angiozar auzoetan ere urgentziazko lanak burutu behar izan dira. Bi kasuetan luiziak izan dira eta egin beharreko lanak bidetik lurra kentzea eta errepideak garbitzea izan dira. Osintxun Arando baserrira doan bidean eta Gerondoko eremuan egin dira lanak eta Angiozarren, Altamira-Etxeberri baserrira doan bidean eta Aitzol eta Gaztelu baserrietara daramanean. Horiek guztiak Transportes y Excavaciones Ter-2 SA enpresak egin ditu.

Luiziez gain, asfaltatze lan batzuk ere egin dira Angiozarreko Goimendi auzoan eta Uberan, Etxebarrutia etxeetako eremuan.

Landa eremua hobetzen jarraitzeko diru laguntzak eskatu dira

Elena Lete alkateak adierazi duenez, landa eremua indartzen eta hobetzen jarraitzeko helburuarekin jarraitzen du Udalak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremuetako bideetan konponketa lanak egiteko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu zuen. Bergarako Udalak 5 eskaera bideratu ditu laguntza horiek eskuratzeko finkatuta dauden irizpideak betetzen dituztelako. Hauek izan dira eskaerak:

  1. Aritzetako San Migel auzora daraman bidea.
  2. Osintxu auzoko Azkargorta baserrira doan bidea.
  3. Elosu auzoko Egileor baserritik Agarre baserrira doan bidea.
  4. Goi auzorako bidea.
  5. Elorriegi auzoko Ziharrerokoa eta Gorosabel arteko bidea.
Arloa: