Bergarako Udalak irisgarritasun lanak egin ditu uda honetan Martoko gizarte etxean. Eraikineko komunak zaharkituta zeuden eta orain berritu eta egokitu egin dira eta atzo aurkeztu zuten emaitza Mari Carmen Barrenechea Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Xabier Legorburu teknikariak. Lanak Construcciones Artzamendi enpresak egin ditu eta 24.975 euroko aurrekontua izan du. Lanak amaituta, gizarte etxea zabalik da berriro egunero, 16:30etik 20.00etara auzotarrek erabiltzeko.

Modu honetan, 2015 urtean egindako lanak borobiltzen dira Martokon. Orduan, instalazioen eraberritze orokorra egin zen; aroztegi lanak, leihoen aldaketa…  Orain, auzotarren urteetako aldarrikapena izan dena, egi bihurtu da; San Antonio auzotik Ibarra arteko 3. adineko pertsonentzako  bilgune egoki bat izatea. “Hirugarren adineko pertsonak etortzen dira aisialdiko ekintzak egitera. Hala ere, azken aldian etxepekoen bilera edota bestelako bilkura egiteko baimena ere eman izan da”, agertu du Legorburuk.

Martoko gizarte etxearen erabilera aztertzen ari dira eta lehenbiziko pauso bezala, pertsona zenbagailua ezartzea izan da; “San Joxepen eta Martokon jarri ziren zenbagailuak ekainean. Uda garaia izanda datuak ez dira oso errealak baina bataz beste, abuztuan eguneko 6 pertsona etorri dira eta irailean, berriz, 8. Aurrerantzean datuak aztertzen jarraituko dugu eta horien arabera, erabilera handitzeko aukerak ikusiko ditugu”, gaineratu du Legorburuk.