Bergarako sistema: Egutegiak eta Guneak

Bergarako bilketa sistema

Hondakin bilketa selektiboa, sistema malgua da, herri eta hiri bakoitzera modu ezberdinean doitzen dena. Hain zuzen, munduan zehar adibide ugari aurki ditzakegu tamaina eta kultura desberdinetako hirietan, esaterako, Aarhus (Danimarkako bigarren hiria) 250.000 biztanle baino gehiago dituena; Niort (Frantzia), 64.000 biztanle; Tralee (Irlanda), 21.000 biztanlerekin, edota edo Monza (Italia), 123.000 bizilagunekoa.

Bergarako Udalak herritarrekin bilerak egin zituen, gurerako egokiena den bilketa sistema erabakitzeko eta honek izango dituen berezitasunak erabakitzeko. Han erabaki zenez, Bergarako sistema mistoa izango da:

  • Papera, ontzi arinak, beira, arropak eta olioa dagoeneko ezagutzen ditugun ohiko edukiontzietan bilduko dira. Ordutegi eta egutegi librean.
  • Organikoa eta errefusa berriz esekitokietan katiatu beharko ditugu, kuboetan aterata, ordutegi eta egutegi zehatzarekin.

Nola funtzionatzen du bilketa sistema honek?

Bilketa selektiboa egiten denean, honen ezaugarri nagusia da herritarrek hondakinak sailkaturik egokitu zaien bilketa puntura atera beharko dituztela.

Espazioaren eta bilketa zerbitzuaren kudeaketaren efektibitate egokiena lortze aldera, hondakin mota bakoitza asteko egun konkretu batzuetan soilik atera eta biltzen da.

Egungo edukiontzien sistemarekin egin ohi den antzera, hondakinak ateratzeko ordutegi bat jartzen da hondakinak kalean ordu gutxi batzuetan bakarrik egon daitezen. Honela, eguneko ordurik gehienetan, hondakinak ez dira kalean egongo, eta ondorioz, efektu estetikoa oso mugatua da. Hondakinak bildu ostean bilketa guneak hutsik geratzen dira hurrengo egunera arte.

Bilketa-ordutegia malgua izaten da. Ondorioz, herritar bakanak dira horretara moldatzeko arazoak dauzkatenak. Arazoren bat duten herritarrek, hala ere, informazio bulegora jo dezakete euren kasuaren berri ematera, arrazoiak egiaztatu eta berarekin malgutasun zabalagoa aplika dadin adostera. Edozein kasutan, kasurik zailenetarako, larrialdi gunea dago hondakinak egunero edozein ordutan bertara eramateko.

Funtzionamendua hirigunean

Kaleko edukiontziak erretiratu egiten dira eta hondakinak etxeko ataritik hurbil dagoen puntu batean biltzen dira, egun eta ordu jakinetan.

Paperaren eta kartoiaren eduiontzi urdina, beiraren iglu berdea, olioarena eta oihalen edukiontziak mantentzen dira. Gainontzeko hondakin mota guztiak, baita hondar organikoak ere, etxe-atarietako esekitokietan biltzen dira.

Bilketa selektiboa martxan jarrita, bost hondakin mota bereizten dira: organikoak, ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa (egun birziklagarriak ez diren hondakinak).

  • Larrialdi guneak: Bilketaren ordutegietara egokitzeko zailtasunak dituztenentzat edo ezohiko egoeretan aurkitzen direnentzat larrialdi guneak egongo dira. Berauetan, asteko egun guztietan eta eguneko edozein ordutan utz daitezke hondakinak.

Funtzionamendua landa-eremuan

Landa-eremuan bizi diren herritarren hondakinak ez dira hirigunean bezala jasotzen. Landa-eremuko herritarrek ekarpen guneak erabiltzen dituzte hondakinak uzteko, eta ez dute ordutegi eta egutegi jakinik betetzen.

  • Ekarpen guneak: Bilketa puntuok eremu itxiak dira non hondakinak egoki sailkatzeko edukiontziak dauden. Edukiontzi marroia organikoarentzat, horia ontzi arinentzat, urdina paperarentzat eta kartoiarentzat, iglu berdea beirarentzat eta grisa errefusarentzat. Landa-eremuko bizilagunek giltza dute bertan sartzeko.

Merkatariak eta Industriaguneak

Komertzio zein enpresa bakoitzak bere edukiontzi propioak izango ditu, atal bakoitzarentzat sortzen den kantitatearen araberako tamaina izango dutenak. Edukiontzi hauek egutegi eta ordutegiaren berezien arabera atera beharko dira (ikusi merkatarien egutegi eta ordutegia. Ikusi industriaren egutegia eta ordutegia). Hondakinak sorreran bereiztea ezinbestekoa izango da herritarren kasuan bezala, eta larrialdi gunea erabiltzeko aukera ere izango da.

  • Larrialdi guneak: Bilketaren ordutegietara egokitzeko zailtasunak dituztenentzat edo ezohiko egoeretan aurkitzen direnentzat larrialdi puntuak egongo dira. Gune horietan, asteko egun guztietan eta eguneko edozein ordutan utz daitezke hondakinak.

Bilketa bereziak

Etxeko hondakin handiak ateratzeko sistemak martxan jarraituko du, baita Garbiguneak ere: Etxetresna elektrikoak, fluoreszenteak, zurezko altzariak, CDak, disketeak, erradiografiak, telefono mugikorrak, hondakin inerteak, toner kartutxoak, termometroak, inausketa hondakinak... Horrez gain Garbigune ibiltaria dago, hilean bi asteartetan Bergaran izango dena.