Hitzarmena sinatu dute Bergarako Udalak eta Enpresare-k, bien arteko elkarlana indartzeko asmoz

Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak hitzarmen berria sinatu dute 2024. urterako, 2022. urtean hasitako proiektua garatzen jarraitzeko asmoarekin. Asteazken honetan sinatu dute hitzarmena Bergarako alkate Gorka Artolak eta Enpresare elkartearen lehendakaria den Alain Vivasek.

Enpresare Elkartea 2021ean erakunde bezala eratu zen eta gaur egun egiten ari diren jardueren jarraipena beharrezkoa ikusi dute bi aldeek. Proiektua eta enpresa foroak martxan daude eta baita enpresekin lan taldean partekatutako eta bakarka jorratzen ari den ibilbidea ere.

‘Berriketan’ egitasmoan izena emateko epea ireki da

Urtarrilean berriz zabaldu dugu BERRIKETAN egitasmoan izena emateko aukera.

· Zer da BERRIKETAN?
Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta euskara praktikatu nahi duten pertsonak elkartzeko eta hitz egiteko egitasmo bat da.
Doan da eta astean behin talde txikietan euskara praktikatzeko aukera eskaintzen du.

‘Kulturartekotasuna Hezkuntzan’ jardunaldiak antolatu dituzte Bergaran

Bergarako Ndank-ndank elkarteak, Bergarako Udalarekin batera, ‘Kulturartekotasuna Hezkuntzan’ jardunaldiak antolatu ditu. Bergarako Udala herriko ikastetxeekin batera herri mailako hezkuntza formal eta ez formalean ematen den segregazioaren inguruko lanketa egiten hasi zen 2022an.

Jardunaldi hauek orain arteko lanketarekin jarraitzeko bidea emango dute, eta beste herri batzuetan gaia lantzeko bidea eman dezakeela uste dute antolatzaileek, batez ere irakaslegoaren artean.

Mendi Film Festibalean euskarazko film onenaren saria jasotako 'Noizko Basoa' dokumentalaren emanaldia

Urtarrilaren 25ean, osteguna, arratsaldeko 18:30etan, NOIZKO BASOA film laburra ikus ahalko dugu Seminarixoan. Pasa den abenduan Bilboko Mendi Film Festibalean euskarazko film onenaren saria jasotako film labur honek Ea-ko herritar batzuek bertako lursail bat berreskuratzeko egindako lanaz jardungo du.

Ondoren, eta hari honi tiraka, Ean eta Bergaran udal mailan, eta herritarron partaidetzarekin, basogintzan eta ingurumenarekin lotutako beste arlo batzuetan egindako eta egiteko ibilbideez arituko gara.

Orriak