Kartela
 

Loturak

Bideoa

Eskaera egiteko orria (pdf formatua, 139kb)

Zer da Udalarekin harremanak euskaraz?

Bergarako Udalaren egitasmoa da, Udalaren idatziak euskaraz jaso nahi dituzten herritarrei horretarako aukera eskaintzen diena. Izan ere Bergarako Udalak euskaraz funtzionatzen du neurri handi batean. Bulegoetako langile guztiak euskaldunak dira eta barruko funtzionamendua euskaraz da, nagusiki. Baina oso inportantea da herritarrek ere Udalarekin euskaraz jardutea. Horregatik, Udalak idatziak euskaraz jaso nahi dituzten herritarrei horretarako aukera eskaintzen die.

Egitasmoaren nondik norakoak

Bergarako Udala bere funtzionamenduan euskararen erabilera bultzatzeko ahaleginetan dabil azken urteotan. Hori dela eta, bai udal barruko lana eta bai herritarrekin, enpresekin zein beste erakunde publikoekin dituen harremanak euskaraz izatea bultzatzen dihardu.

Orain arteko ibilbidea

Bergaran 1991n martxan jarri zen iniziatiba da. Orduan 16 urtez gorako herritarrei galdetu zitzaien ea prest zeuden Udaletik bidaltzen ziren idatziak euskaraz jasotzeko. Ondoren, 1991z geroztik 16 urte betetakoei eskoletan egin zaie gonbidapen bera, eta 2001ean beste kanpainatxo bat egin genuen herritarrak orokorrean animatzeko. Guztira 4.600 bergarar eta Bergarako hainbat elkarte, merkatari eta enpresa dira une honetan Udaleko idatziak euskara hutsean jasotzea eskatua dutenak.

Proposamena

Honako hau da proposatzen duguna: herritarrak Udalari eskatzea bere izenean bidaltzen dituen idatziak euskaraz bidaltzeko.

Hona hemen proposamenari buruzko zenbait azalpen:

  • Edozeinek dauka eskubidea Udaleko idatziak euskaraz bidaltzea eskatzeko.
  • Proposamena pertsonala da. Eskatzailearen izenean doazen idatziak bakarrik joango lirateke euskaraz. Familiako gainontzekoen izenean doazenak euskaraz eta erdaraz joango dira, eurak ere euskaraz bidaltzea eskatu ez badute, behintzat.

Lagungarriak

  • Euskara ulerterraza. Udaleko Euskara Zerbitzuak bereziki zaintzen ditu euskara hutsez bidaltzen diren testuak, edozein euskaldunek ulertzeko modukoak izan daitezen, eta orain arteko esperientziaren arabera, herritarrek ez dute inolako arazorik izaten.
  • Gainera, udal administrazioko testuak ulertzen laguntzeko liburuxka bat ere prestatu du Bergarako Udalak: "UDALAREKIN EUSKARAZ" liburuxka. Udal idatziak ulertzeko hiztegitxoaz gain, Bergarako kaleen izendegi ofiziala eta administrazioarekiko harremanetan erabili ohi diren idatzi eredu batzuk ere baditu liburuxkak, herritarra bera Udalera zuzentzean ere euskaraz egiteko lagungarri izateko.
  • Era berean, herritarrei beren idatziak euskaraz egiten laguntzeko beste material batzuk ere eskaintzen dizkie Udalak (bailarako udaletako euskara zerbitzuen artean argitaratuak):
  • "IDATZIAK" liburuxka, beste idatzi mota batzuk (gonbitak, zorion agurrak, doluminak, auzokideen idatziak, bidaia agentziekiko gutunak, erreklamazioak...) euskaraz egiteko ereduak eskaintzen dituena.
  • "IDATZIAK etxejabeen komunitateetako agiriak", etxejabeen eginkizunetan behar izaten diren idatziak (bilera deiak eta aktak, ziurtagiriak, oharrak, araudiak...) idazteko ereduekin eta hiztegitxo batekin osatutako liburuxka eta CDa.

Zer egin behar da idatziak euskaraz jasotzeko?

Atzean agertzen den eskaria bete eta Udaleko Euskara Zerbitzura ekarri edota posta elektronikoz bidali euskara@bergara.eus helbidera.

Horrekin batera, gorago aipatutako liburuxkak eskuratzeko aukera dago, Euskara Zerbitzuan bertan eskatuta.

Horrez gain zure ingurukoek orain arte eskatu ez badute eta eskatu nahi badute, eskari-orriaren kopia bat hartu eta beren datuekin bete dezatela. Anima itzazu eurek ere izena eman dezaten.

Animatu zure idatziak ere euskaraz egitera!

 

AdjuntoTamaño
Icono PDF Eskaera egiteko orria81.75 KB