Urte asko dira Bergarako Udalak merkataritzan euskara bultzatzeko ekimenak martxan jarri zituela. Era askotako material eta zerbitzuak eskaini izan dira Udaletik helburu horrekin eta gaur egun ere eskaintzen dira: dendetarako txartelak, zuzenketa eta itzulpen zerbitzua, merkatarientzako ikastaroak, sentiberatze-kanpainak… 

Udalak eta merkatariek elkarrekin bideratzen dihardugun Bergarabizi programan ere euskarari lehentasuna ematen zaio eta, bestalde, Udalak hasiera hasi-hasieratik bultzatu du Idazlaguna programa ere. Hala, "Gure dendak euskaraz jantzi nahi ditugu" kanpaina berria aurkeztu dute Udalak, Jardun Euskara elkarteak eta Bedelkar elkarteak elkarlanean, Izaskun Labaien zinegotzia, Jarduneko Nerea Mendizabal eta Bedelkarreko lehendari den Maitane Azkarateren eskutik; "Udalak  apustu garbia egiten du herriko merkataritza indartzearen alde eta, aldi berean, apustu garbia egiten du  merkataritza euskaraz izatearen alde. Pentsatzen dugu biak elkarren lagun eta osagarri izan litezkeela: herriko merkatariek asko egin dezaketela euskara normalizatzearen alde eta, aldi berean, euskara izan litekeela herriko merkataritza bereizteko eta indartzeko marka garrantzitsua. Alde horretatik, pozgarria da ekimen honetan elkartu garen hiru entitateok elkartu izana eta gure nahia da elkarlan hau sakondu eta indartzea", agertu du Euskara batzordeburu den Izaskun Labaienek.

PROGRAMA

-          Idazlaguna: herriko merkataritzan euskarari lehentasuna emateko asmoz martxan jarritako egitasmoa da. 120 komertzio inguru daude izena emanda eta komertzio hauek konpromisoa hartu dute jendaurrean dituzten kartel/ohar… euskaraz edo guztienez elebitan jartzekoa.  Batzuk beraien kabuz moldatzen dira eta beste batzuei, beharra dutenei, idazlaguna/laguntzailea jartzen zaie.

-          3-4 hilean behin, kanpaina bat bideratzen dugu parte hartzen duten komertzioetako sektore batekin. Kanpaina hauen helburu nagusia bikoitza izaten da. Alde batetik, herritarrak ere hizkuntza paisaiak duen garrantziaz kontzientziatzea eta bestetik, Idalzagunan parte hartu eta hizkuntza paisaia euskaraz jartzearen aldeko apustua eta ahalegina egiten duten komertzioei eskerrak eman eta saritzea.

-          Aurretik taberna eta jatetxeekin eta janari dendekin egin ditugu kanpainak eta oraingoan arropa eta oinetako dendetan egingo dugu.

-          Gure dendak EUSKARAZ jantzi nahi ditugu kanpaina

o        Ekainaren 12tik 29ra

o        21 dendak hartuko dute parte

o        2 modu daude parte hartzeko:

1.- 21 denda hauetako erakusleihoetan 4 bertso egongo dira eta bertso oinak bere lekuan jarriz bertsoak osatu beharko dira. Eta bertsoa osatuta eta izen abizenak eta telefonoa jarrita Jardunera helarazi. idazlaguna@gmail.com helbide elektronikora bidaliz edo whatsappez 605712469 telefono zenbakira bidaliz. Paperean Jardunen bulegora ere ekarri ahalko da.

Bertsoetan idazlaguna egitasmoa zer den, Hizkuntza paisaiaren garrantzia… azaltzen ahalegindu gara.

Bertsoa abestuz bidaltzen dutenak zozketan bi aldiz sartuko dira, saria irabazteko aukera bikoitza izango dute.

2.- Bi aste hauetan 21 denda hauetan erosketaren bat eginez gero, boleto/errifa bat emango da.

o       ekainaren 30ean bi zozketak egingo dira. Alde batetik, bertsoa osatu dutenen artean bat eta bestetik errifa zenbakia.

-          Idazlaguna egitasmoaren eta kanpaina honen antolatzailea Jardun da baina Bergarako Udalaren eta Bedelkarren babesa du. 

Informazio gehiago nahi izanez gero jarri Jardunekin harremanetan. Telefonoz 943763361 telefono zenbakian edo emailez jardun@topagunea.com helbidean.

Departamento: