Udalak auzoetako joan-etorriak egiteko auzo taxi zerbitzua martxan jarri du, Bergarako auzoetako herritar askoren eskaerari erantzuna emanez. Herri busa ez da auzo eta landagune askotara iristen; horregatik, taxiarekin zerbitzuarekin mugikortasuna osatu dugu. Helburua da landa eremuetan bizi diren herritarren bizitza kalitatea erraztea.

Udaleko ordezkariek udalerriko landaguneetako herritarrekin egindako batzarretan behin baino gehiagotan jakinarazi ziguten kolektibo jakin batzuek mugikortasunerako premiak zituztela. Horregatik, Udalak aukera desberdinak aztertu ditu eta auzoetako taxi zerbitzua martxan jartzea pentsatu du, Herri busaren zerbitzuaren osagarri izanez, herritar guztiengana iristeko.

Honako auzoak sartu dira programa horren barruan: Angiozar, Basalgo, Buruñao, Elorregi, Elosu, Goiauzoa, Osintxuko baserri eremua, San Juan, Sanantonabat eta Aldaiegia.

Hala, auzo horretan bizi diren eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrek Udalean txartel bat eskatu ahal izango dute eta horren bitartez bizileku duten baserritik herriguneko edozein puntura edo herrigunetik baserri edo etxera bidaia egitearren 3 euro ordainduko dituzte. Bidai bakoitzeko gainontzeko 9 euroak Udalak ordainduko ditu. Hain zuzen ere, Udalak 2018rako 15.000 euroko partida onartu du programa horretarako. 5 taxi batu dira programan zerbitzua emateko. Zerbitzua astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara egongo da indarrean.

Programa honetan parte hartu ahal izango dute aipatutako auzoetan erroldatuta dauden eta auto propiorik ez duten 16 eta 25 urte bitarteko pertsonek, 65 urtetik gorakoek eta baita autonomia propioa ez dutenek ere. Baldintza horiek betetzen dituztenek Udalean hala egiaztatuta txartel bat eskurako dute eta horren bitartez programan sartuko dira. Hala, txartel hori dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte bidai bakoitzeko.

Zerbitzua kontratatzeko telefono eta whatsapp zenbaki hau da: 685 733283. Auzotarrek ahal bada hiru ordu lehenago edo bezperan deitu beharko diote taxi zerbitzuari.

Departamento: