Udalak ekainak 28 LGTBIQ* harrotasunaren egunaren harira, kolektibo hauek ikustarazi eta gaiarekin lotuta sentsibilizazioa lantzeko pauso batzuk martxan jarri ditu.

Hala, aste honetako osoko bilkuran aho batez onartu da LGTBIQ*ren aldeko mozioa. Helburua da berdintasun formala gauzatu dadin pauso irmoak ematea, oraindik esparru askotan diskriminazioa jasotzen duten kolektiboak direlako.

Udalak gizarteari eskatu nahi dio LGTBIQfobiaren aurka borrokatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da aniztasunarekiko ezagutza, errespetua eta aniztasunaren normaltasuna sustatzea.

Gai horrek duen garrantziaren erakusle da Ondarroako Ekai nerabe transexualaren zorigaitzeko heriotza.

Udalak hainbat konpromiso hartu ditu bere gain:

• Sexu eta genero identitate mailako joeragatik inor baztertu, jazarri edo erasotzea salatzen dugu.

• Jendarte anitzago eta integratzaileago baten alde lan egitea sustatu nahi dugu, orientazio sexuala ez dadin inorentzat oztopo izan.

• Sexualitate askearen aurkako jokabide guztien kontra gaude.

• LGTBIQ ikuspuntua zehar-lerro bidez txertatuko dugu programa eta ekintza guztietan: hezkuntza, gizarte zerbitzuak, osasuna, aisialdia,… betiere LGTBIQ kolektibo eta mugimendu feministarekin koordinatuz.

• Herriko ikastetxeetan sexu eta genero aniztasunaren errespetuari eta sexu heziketari lotutako programak garatzen jarraituko dugu.

• Udalaren webgunean LGTBIQfobiari aurre egiteko baliabideen berri emango da, herritarrek gaiari buruzko informazioa izateko.

• Azkenik, Bergarako Udaletxean, ortzadarraren bandera jarriko da ekainaren 25etik 29ra arte, genero eta sexu aniztasunaren aldeko konpromisoa bistaratzeko.

Eta hainbat ekintza jarri ditu martxan:

Astean herriko artista batek LGTBIQ gaiarekin lotuta sortutako irudiak udalerriko hiru markesinatan jarriko dira, kolektibo horiek gure artean bizi direla egunerokoan ikustarazteko.

LGTBIQ gaiarekin lotutako liburu sorta berri bat erosi da eta Udal Liburutegian dago eskuragarri. Horiek eta Euskadiko Irakurketa Publikoko sarean doan eskuratu daitezkeen beste liburuekin gida berezia osatu du Udalak. harrotasuna_folleto.pdf

Departamento: