Erreka taldeak Accesos automáticos negozio berria inauguratu du gaur Bergarako San Juan auzoan. Instalazioek 5.100 metro karratu dituzte, hiru altueratan banatuta, eta zerbitzu gama eta sarbideen automatizazioaren sektoreko lidergoa indartuko dute.

Inaugurazio ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Elena Lete Bergarako alkatea eta Mondragon Korporazioko eta Erreka Group-eko kideak egon dira, Cristina Etxegoien presidentea, besteak beste.

Erreka enpresak 35 urteko ibilbidea du, 22,7 milioi euro fakturatu zituen 2017an, eta 2020an 30 milioi eurora heltzea aurreikusten du.

Elena Lete alkateak nabarmendu du poztekoa dela Erreka taldeak ‘Erreka Ate Automatikoak’ negozio unitate berria inauguratu izana. Enpresa oso eskarmentuduna izanik ere, erronka ez dela makala jakinarazi du eta Udala alboan izango duela laguntzeko azpimarratu du. Are gehiago, Letek gogora ekarri du krisi garai gogorrak bizi izan baditugu ere, epe ertain eta luzeko estrategiak landuta eta eguneroko lanean prestu saiatuta enpresa asko kanpoko merkatuetan lehiatu eta aurrera egiten dabiltzala sendotasunez. Ingurune honetan asko dakigu horretaz eta Erreka ere bada horren adibide.

Horren aurrean erakundeon eginkizuna da enpresei bide hori egiten laguntzea eta guztion artean lurraldeko garapena eta ongizatea biderkatzea. Ildo horretan inauguratu berri dugu hemen alboan Larramendiko industriagunea, eta aurten Gureak enpresak instalazio berriak Bergarara ekartzea ere lortu izana nabarmendu du alkateak.

Departamento: