Elena Lete Bergarako alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko Diputatuak hitzarmen bat sinatu dute Labegaraieta kiroldegia berritzeko. Proiektuaren kostua 1.454.224 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 589.720 euro jarriko ditu.

Labegaraieta kiroldegia honen emaitza da: industria-instalazio siderurgiko bat kirolgune gisa birgaitzearena. Kiroldegi horretan bi osagai atontzea aurreikusi zen: alde batetik, kirol anitzeko instalazio itxi bat, eraikin industrial itxi eta estaliaren gainean; eta bestetik, kanpoko kirol pista batzuk, aire zabalean, eraikin industrialaren biltegiratze eta zerbitzu zelaia izandakoaren esparruan.

Labegaraieta kiroldegia eraberritzeak sustatzen dituen oinarrizko helburuak, lehentasunez, hauek dira: kirol instalazioak beharrizan berriei egokitzea; arkitektura-oztopo guztiak ezabatzea; eta bide ematea kirol anitzeko instalazio hori espazio inklusibo bihur dadin, generoaren ikuspegitik.

Horretarako, eta izan den partaidetza-prozesuaren arabera, biltegiaren eraikina eraitsi egingo da, eta kiroldegiaren eranskin berri bat eraikiko da. Horren ostean, bigarren fase batean, alde batetik, barne eraberrikuntzako lanak egingo dira gaur egungo kiroldegian; eta bestetik, multzo osoa berrurbanizatuko da. Horren guztiaren ondorioz, zuzeneko lotura bat egongo da kirol anitzeko instalazioaren eta zuzkidura berrien artean; orobat, jasangarritasun handiagoa lortuko da, libre utziko baita ibai bazterra, eta espazioa herritarren eta komunitatearen gozamenerako irekiko baita; azkenik, efizientzia energetikoa hobetu egingo da.

Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, aldagela-behar eta biltegi-behar berriei erantzutea; eta, bestetik, geroago, erabiltzaileen eta ikusleen zirkulazioen antolamendu orokor berri bat definitzea.

Eranskin berriak osagai hauek izango ditu: aldagela bikoitzen –gizonezkoen eta emakumezkoen– hiru multzo, horietako bana egokitua; bi komun, gizonezkoenak eta emakumezkoenak, komun-kabina egokitu banarekin; arbitroek bakarrik erabiltzeko aldagela bat, komun-kabina egokitu batekin; piraguismo elkarteak bakarrik erabiltzeko biltegi bat eta lokal erantsi bat; instalazio gela berri bat; eta eskailera gune berri bat, geroan lehen solairuarekin komunikatzekoa.

Bai Bergarako Udalak bai Gipuzkoako Foru Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Departamento: