Gaur, astelehena, zabaldu da birgaitutako Zubietako zubia. Zubieta auzoa birgaitzeko eta irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetzeko lan garrantzitsua da eta, hainbat arrazoi medio lanen hasiera atzeratu bazen ere, epez bukatu da eta emaitza denon gustukoa izan da.

Udalak lanak Goitu Eraikuntzak SLri esleitu zizkion eta aurrekontua 313,864,20 eurokoa izan da (BEZ barne). Udalak 194.784,79 euroko dirulaguntza jaso du horretarako Eusko Jaurlaritzatik.

Zubietako zubiaren birgaitzeak eta balioan jartzeak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, herritar askoren mugikortasuna zein irisgarritasuna bermatzea; eta, bestetik, herriko ondarea den zubia hobetzea.

Zubi honek ondare izendapena dauka. Berari buruz jasota dagoen lehen aipamena 1596ko apirilaren 21eko udal akta batean azaltzen da.

Hori lortzeko, honako lanak egin dira: zubia bera birgaitu, fibrozementuko hoditeria kendu eta berriarekin ordezkatu, azpiegitura berriak ezarri, barandilla egokiak jarri, argiteria berria ezarri (barandilletan), zubira irisgarritasuna erraztu ranpa batekin, Zubieta kale aldera espaloi bat sortu eta zubiko altxaderak garbitu eta osatu, besteak beste.

Lanek aurreikusitako lau hilabete baino hamar egun gehiago iraun dute bi arrazoigatik: eguraldiak ez duela lan egitea erraztu; eta lanak egin bitartean premia berriak antzeman direnez esleipen gehigarri bat egin delako. Horri esker, bi zebrabide altxatu eraiki eta margotu dira; eta semaforoentzat azpiegitura ere prestatu da. Lan hauek Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu eta aurrekontua 38.079,91 eurokoa (BEZ barne) izan da.

Bestalde, errepide alboan sortu berri den espaloia ez da oraindik zabaldu, hormigoia sendotu behar delako. Bi astetan erabilgarri egongo dela uste du Udalak.

Prozesu honetan zehar Udalak hainbat batzar izan ditu Zubietako auzotarrekin. Auzotarrak gustura daude zubiaren eraberritzearekin.

Departamento: