Covid-19 birusa dela eta ezarritako larrialdi egoerak bete-betean jo ditu hezkuntza arloa eta haur eta nerabeak ere. Kolektibo zaurgarria den arren, begibistakoa da euren beharrak ez direla kontuan hartuak izan larrialdi egoeraren edukiak definitzean. Haurrak eta nerabeak, eta bereziki premia bereziak dituztenak, baztertuak izan dira testuinguru honetan.

Hori horrela izanik, Udalari egoera horren ondorioak kudeatzea egokitu zaio. Dena den, Bergarako Udalak haur eta nerabeak ere bereziki izan ditu gogoan. Horregatik, hainbat neurri hartu ditu euren ongizatea bermatzeko:

● Herriko ikastetxeekin batera jarraipena egin da egoera berezi honetan online ari diren ikasleek horretarako baliabideak dituztela ziurtatzeko.

● Online bidez eskolak jarraitzeko arazoak dituzten ikasleentzat zerbitzu bat jarri da martxan, horretan ludoteketako hezitzaileek lagun diezaieten.

● Ludotekek eta Gaztelekuak online bidez lanean jarraitzen dute, euren jarduna egokitu eta aisialdi hezitzaile bat eskaintzen.

● Udal webgunean aisialdirako materiala eskuragarri jarri da.

● Ikastetxeetako jangelak bertan behera geratu direla ikusita, erabiltzaileen jarraipena egin da, eta Elikagai Bankuarekin eta Caritasekin batera, ohiko janari banaketa zabaldu egin da familia gehiagorengana.

● Konfinamendu egoeran bai ikasteko eta baita aisialdirako ere baliabide gutxiko familiek izan zezaketen zailtasunak ikusita, Udalak, Bergara Zaintzeneko boluntarioekin, identifikatuta dauden baliabide gutxidun haurrei saskiak helarazi dizkie. Saski horiek eskolako materialez, liburutegiko liburuz eta ludoteketako baliabidez osatu dira.

Departamento: