Kartela

Loturak

Bideoa

Laguntzen arautegia, eskabidea

Sarrera

Berba egiterakoan euskara egokia erabiltzera bultzatzeko programa da Gehixago eta Hobeto. Programan ume eta gazteekin loturaren bat duten sektore guztiak (eskolak, denbora libreko taldeak, familia...) hartzen dira kontuan eta hainbat material gertatzen dira: eskoletan lantzeko unitate didaktikoak, akatsen azalpenak gurasoentzat, Apatxi aldizkaritxoa...

Programa 1999-2000 ikasturtean sortu zen eta honakoak dira bertako partaideak: herriko ikastetxeak, Udaleko Euskara Zerbitzua, JARDUN Euskara Elkartea, Eibarko Berritzegunea.

Udaleko Euskara Zerbitzua arduratzen da programa koordinatzeaz eta, bataz beste, hilean koordinazio bilera bat egiten da.

1. Helburuak

Honakoak dira programaren helburu nagusiak:

  • Bergararren, bereziki ume eta gaztetxoen, ahozko hizkera hobetzea eta, batez ere, akats ohikoenak zuzentzea.
  • Irakasle, begirale, guraso eta abarren ahozko hizkera hobetzea, eredu egokia transmiti dezaten.
  • Euskalkia prestijiatzea. Euskalkiaren erreferentziak eskaintzea ikasleei.

2. Hartzaileak.

Batez ere, haur eta gazteak (HH, LH eta DBH eta DBHO) baina baita hizkuntza transmisore nagusiak ere: gurasoak, irakasleak, entrenatzaileak, aisialdiko begiraleak...

3. Baliabideak:

Era askotako baliabideak eskaintzen dira: formazioa, akatsak lantzeko materialak...

3.1. Formazioa:

*Irakasleentzat. Bertako euskara lantzeko ikastaroak, akatsaren eta akatsa zuzentzeko estrategien ingurukoak.

*Guraso, begirale, irakasle eta bestelako interesatuentzako ikastaroak.

  • Azkeneko urteetan Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak antolatu eta Udal Euskaltegiak eman izan du 8 orduko ikastaro bat, batik bat bertako euskaraz berba egiterakoan egiten ditugun akatsak lantzeko.

*Begiraleentzat. Udalak proposatu eta Jardunek AEKrekin antolatu izan du, Udalaren diru-laguntzarekin.

3.2. Akats jakinak zuzentzeko materialak:

a) Bertako hizkeran dihardugunean egiten ditugun akats jakinak lantzeko unitate didaktikoak, herriko eskoletan eta aisialdiko taldeetan banatu eta lantzen direnak. (ikus atzean orain arte prestatutakoen zerrenda).

b) Apatxi gehigarria argitaratzen da Goienkariarekin batera. Eta argitaratutakoen bildumak ere argitaratu ohi dira, azkeneko urteetan. Orain arte 2004koa eta 2005ekoa argitaratu dira eta aurki argitaratuko da 2006koa.

c) Noizbehinka, material solteak: azalpen gramatikalak, gurasoei bidaltzeko materialak.

3.3. Akatsen gaineko azalpen eta ariketen liburua.

Liburuak Deba ibarreko euskaldunek, batez ere ume eta gazteek, euskaraz berba egitean dituzten akats ohikoenak zuzentzeko lagungarri izan nahi du. Liburua, batez ere, hizkuntza transmititzaile jantzienei bideratuta dago: irakasle, guraso gazte, monitore...

Alde batetik berek ere egin ditzaketen akatsak zuzentzeko, eta bestetik eurek bete dezaketen zuzentzaile-lanean baliagarri izan dakien. Helburu horrekin, alde batetik, akatson azalpen gramatikala eta ordezko zuzenak eskaintzen zaizkie; bestetik, akatsok zuzentzen laguntzeko ariketa multzo bat. Liburuak marrazkiak ditu, gazteentzat erakargarri izan dadin. Akats bakoitza bere testuinguruan azaltzen da.

4. Informazio gehiago.

Gaiaren gaineko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, hemen duzu txosten zabalagoa.