Aurten lehen aldiz Aranzadi ikastolak, Mariaren Lagundia ikastolak eta San Martin Agirre ikastetxeak, elkarrekin herri mailako udalekuak antolatzeko apustua egin dute, Jardun euskara elkartea eta Bergarako Udalarekin batera.

Ikastetxe guztiek instalazioak utziko dituzte udaleku irekiak aurrera eramateko. Horrela, pandemia sasoiko egoera aldakorrari hobeto erantzutea ahalbidetuko da. Udan egongo den eskaintza bakarra izango da, herrikoa. Haur guztiak batuko dituena, euskaraz, aisialdi hezitzailea gauzatuz. 

Eskolen arteko zubiak eraikitzeko plana egiteko asmoa du Udal Gobernuak, Bergara izan, bizi, ekin planean jasotzen den moduan. Elkarlan hau bide horretan urrats bat da. 

2009-2016 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako udalekuak ekainaren 28tik uztailaren 23ra egingo dira, 10:00ak eta 13:00ak tartean. 

Aurretiko izen-ematea apirilaren 12tik 25era bitartean egin beharko da: Udaletxean B@Zen, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:45era eta ostegunetan arratsaldez: 16:00etatik 19:00etara. Liburutegian, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 20:30era eta larunbatetan 9:00etatik 13:00etara. Edota internetez.

Umeak adinaren arabera ikastetxe batean edo bestean arituko dira udalekuetan: 

  • HH4 eta HH5 (2016 eta 2015ean jaiotakoak) – Aranzadi ikastolan.

  • LH1 eta LH2 (2014 eta 2013an jaiotakoak) – Mariaren Lagundia ikastolan.

  • LH3, LH4, LH5 eta LH6 (2009 – 2012 bitartean jaiotako haurrak, biak barne) – San Martin Agirre ikastetxean.

  • Angiozarren eta Osintxun ere udalekuak eskainiko dira.

Bergarako Udalak udara begira haur eta gaztetxoentzako egin duen aisialdi eskaintzan, udaleku irekiez gain, kirol eskaintza, Laboratorium museoko udako eskaintza eta Liburutegia Usondon ekimena osatu ditu.

Argazkian, Gorka Artola alkatearekin batera daude Jarduneko Saioa Garitano, Aranzadi ikastolako Garbiñe Martinez, San Martin Agirre ikastetxeko Jose Ramon Lasa eta Mariaren Lagundia ikastolako Gotzon Iparragirre.

Informazio guztia hemen

 

Departamento: