Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) margolariak 'Lazkano. Bitakora koadernoa' erakusketa irekiko du Bergarako Aroztegi aretoan. Irune Lazkanoren komisariotza du erakusketak.

2013tik 2020 bitarteko lanak erakutsiko ditu Lazkanok Bergarako Aroztegi aretoan irekiko duen 'Lazkano. Bitakora koadernoa' erakusketan. Naturako paisaiak izango dira guztiak: itsasoa, mendi elurtuak eta 2017an Artikora egindako espedizioan jasotako paisaiak ekarriko ditu Bergarara, hainbat teknikaren bidez mihise, oihal eta paper gainean egindakoak.

Apirilaren 16tik maiatzaren 23ra egongo da erakusketa ikusgai, ondorengo ordutegiarekin: Asteartetik ostiralera 18:00 – 20:30, larunbatetan 12:00 – 14:00 eta 18:00 – 20:30 eta igandetan 12:00 – 14:00.

Berriki, Lazkanok Josu Venerorekin batera ARTIKO filma estreinatu du, Xabi Paya bertsolariaren testu eta ahotsarekin. Film hori ere ikusgai izango da Bergarako Seminarixoa aretoan 2021eko maiatzaren 14an, ostiralean, 19:00etan. Jesus Mari Lazkanok aurkeztuko du filma. Filmak dohaineko sarrera izango du, baina sarrera aurrez eskuratu beharko da apirilaren 15etik aurrera www.seminarixoa.eus helbidean edo Seminarixoko leihatilan, apirilaren 15ean hasita 18:00-20:00ak bitartean edo ohiko leihatila egun eta orduetan.

Jesus Mari Lazkano Bergaran jaio zen, baina gaur egun Urdaibain bizi da eta bertan lan egiten du. EHUko Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea, JAKIUNDEko akademikoa (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia), Europako, Estatu Batuetako eta Asiako hainbat herrialdetan erakutsi izan ditu bere lanak.

Nahiz eta urteak eraman naturan zentratuta, New Yorken, Chicagon, Dallasen edo Erroman egindako egonaldiek hainbat gaikako serietan egituratu dute bere lana. Neurri handiko lanak egin ditu espazio publikoetan, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean, Euskalduna jauregian, Bilbao Metroan, San Mameseko trukagailuan, EHUko Areto Nagusian edo Iberdrolako dorrean, eta baita Shanghaiko Erakusketa Unibertsalean ere, besteak beste. “Gure Artea” saria jaso zuen 1985ean. 2007an Titanio saria, eta banakako erakusketa bat aurkeztu zuen Bilboko Guggenheim museoan. 2010ean Bilboko Arte Ederren museoan izan zuen erakustaldia. Txinan hainbat erakusketa egin ondoren, 2016. urtean Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan bere azken 40 urteetako lanaren atzera begirakoa antolatu zen.

Bere lana hainbat herrialdetako bilduma eta museotan dago, adibidez, Guggenheim Bilbao museoan. 2017an Artikora egin zen espedizio zientifiko-artistiko batean parte hartu zuen, New York The Arctic Circle fundazioak antolatua. NEREA argitaletxeak monografia zabala argitaratu du, egilearen testuekin, eta pinturaren osagai kontzeptualean sakonduz.

Departamento: