Debagoieneko Mankomunitateak eta udaletako euskara zerbitzuek elkarlanean euskara familian transmititzeak duen garrantzia azpimarratzeko hainbat material banatzen dute. Une honetan, 'Biharko euskara, gaur' banatzen ari dira ikastetxeetan. Bergaran, HHko 4 urteko geletan. 

Familia da hizkuntza transmisioaren elementurik garrantzitsuena. Hizkuntzaren ezagutza, erabilera ohiturak eta hizkuntzarekiko jarrerak familian jaso eta finkatzen dira. Horregatik, transmisio horren garrantziaren berri emateko, Mankomunitateak eta udalek eskualdeko gurasoei haurren adinaren araberako informazio elementu desberdinak helarazten dizkiete. Familia eremu pribatua izanik ez da erraza bakoitzaren egoera partikularra ezagutu gabe aholkuak ematea, baina gomendio orokor batzuk eraginkorrak direla jakinik, haiek argitaratu eta haurraren lehenengo urteetan familiei helarazten dizkiete Mankomunitateak eta udalek. Hauek dira banatzen diren elementuak:

'BIHARKO EUSKARA, GAUR – Su futuro euskara desde hoy'. Pixkanaka haziz doazen haurrak, sozializatzen hasten direnean, etxeko ohiturez gainera komunitatearen hizkuntza ohiturak ere bereganatzen dituzte. Ikastetxeetan bete betean jasoko dute euskara, eta adinkide dituzten haurren hizkuntza ohitura berriak ere ezagutuko dituzte. Hizkuntza profil desberdinetako familiak espazio-komunak konpartitzen hasiko dira eta hizkuntza kudeaketa berriak egin beharko dira. Horiek guztiak euskararen mesedetan jartzeko, Kike Amonarrizek idatzitako aholkuak batzen ditu “Biharko euskara, gaur – Su futuro euskara desde hoy” liburuxkak, aurten Debagoieneko HHko 4 eta 5 urteko haurren artean banatuko denak. 

Debagoieneko ikastetxeek “Biharko euskara, gaur – Su futuro euskara desde hoy” liburuxka ezagutzen dute, eta familien artean hizkuntzaren normalizazioa bideratzen laguntzeko tresna egokia dela iritzirik, 2021eko apirila bukaeran banatuko dute. Bergaran, HHko 4 urteko geletan banatzen ari da. Beraz, Mankomunitateak, udalek eta ikastetxeek elkarlanean zabalduko dute material hori ikasturte bukaera honetan, Debagoiena osoan.

'ZORIONAK, AMA IZANGO ZARA'. Haurdun dauden familientzako gida da, haurdunaren eta haurraren behar fisikoetan eta emozionaletan oinarrituz, hainbat gomendio ematen dituena, honako gaiei buruz: haurdunaldiko eta erditze osteko zainketa, haurren edoskitzea eta masajea eta, azkenik, haurraren zainketa. Herri bakoitzeko emaginen bitartez banatzen zaie liburuxka hau, haurdun dauden familiei. Materiala Debagoieneko 4 emaginen laguntzarekin egindakoa da, eta liburuxkarekin batera herritar batzuen haurdunaldiko eta osteko esperientziak jasotzen dituen DVDa ere banatzen da. (Ikusi bideoa)

'ZORIONAK' haur jaio berrien familientzako materiala da. Familiara haurtxoa ekarri dutenei zuzendutakoa, momentu eder hori zoriontzeaz batera, umearen etorkizuna bideratzen laguntzeko hizkuntza aholkuak eta tresnak helarazten dituena; hala nola, haur txikientzako euskarazko kantu-gida, oinarrizko hiztegitxoa eta kotxerako pegatina. Banaketa udal bakoitzak bere aukeren arabera egiten du: etxeetara bidalitako gutunarekin, haur jaioberriak erroldatzen direnean, ongietorri ekitaldia egiten zaienean haur jaioberriei, Osakidetzako pediatria zerbitzuen bitartez… (Ikusi irudia)

Departamento: