‘Bertatik bertara’ kanpaina abiarazi du aurten ere UEMAk udaren atarian, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko. Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren erdialdera arte izango da kanpaina, bisitariak eta zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko.

Besteak beste, udalerri euskaldunetako tabernetan eta jatetxeetan 300.000 mahai-gaineko banatuko dira, kanpainaren mezuarekin, euskara gure postalik ederrena dela nabarmenduz. Iaz bezala, dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin. Tartean Bergarako Udalak. Herriko taberna eta jatetxeei egin zaie eskaintza eta 27 establezimendu agertu dira ekimenean parte hartzeko prest.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.

 

KANPAINAREN BIDEOA

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Departamento: