Bergarako Udaleko kultura zerbitzuak hainbat kultura ekitaldi antolatu ditu uztaila eta abuzturako. Kultura mahaiarekin eta Bergarako kultura elkarteekin lankidetzan osatu du Udalak kultura egitaraua. Udaberrian eskainitako mokaduaren ondorengo menu osoa izango da hau. Izaera anitzeko ekimenak, adin tarte desberdinetako pertsonentzat pentsatutakoak, eta udalerriko kokaleku desberdinetan egingo dira.

Batetik, COVID-19a dela eta hainbat hilabetetan beren jarduna etenda izan ondoren, Bergarako Musika Banda eta Bergarako Txistulari Banda emanaldiak eskaintzen hasiko dira. Bergarako Musika Bandak ekainaren 27an eskaini du COVID ondorengo berragerpeneko lehen kontzertua. Uztailean ere eskainiko dute kontzertua Bergarako Musika Bandakoek, uztailaren 18an, 12:30ean udal pilotalekuan.

Bergarako Txistulari Bandak, berriz, hainbat emanaldi eskainiko ditu uztailean: uztailaren 4an San Martzialgo kalejira egingo dute, 10:00etan, Bergarako kaleetan. 18an, Santa Marinako kalejira, 11:00etan udaletxetik hasita poligono aldean segi eta Santa Marinako elizan bukatzeko. Eta uztaileko azken kalejira 25ean izango da (ibilbidea oraindik zehazteko).

Uztaileko lehenengo lau ostiraletan, 22:00etan, Berumuga kontzertuak izango dira Espoloian. Hauek:

  • Uztailaren 2an, Malevaje.
  • Uztailaren 9an, Seda.
  • Uztailaren 16an, Sinead Savage & the Flytones.
  • Uztailaren 23an, Josh Hoyer & Soul Colossal.

Horietaz gain, beste hainbat kontzertu ere izango dira uztailean Usondo parkean:

  • Uztailaren 10ean rapp kontzertua, 21:30ean: Iker Hiriart eta Sady Ayastui, La Basu eta El Negro.
  • Uztailaren 17an 22:00etan: On the Go eta Kilimak.
  • Uztailaren 29an 22:00etan: Willis Drumond.

Ikastaroak ere izango dira: Graffiti ikastaroa, BEARTek antolatuta. Zeramika ikastaroa, Buztintzale Zeramika elkarteak antolatuta.

Bestalde, kultura auzoetara ere eraman nahi izan da udan:

  • Uztailaren 11n 12:00etan Labegaraietan: Gora Kasete haurrentzako emanaldia.
  • Uztailaren 13an 19:00etan San Lorentzon: Garagardo dastaketa. Aurrez izena eman behar da udaleko web orrian. Plaza mugatuak. Izena emateko ordena errespetatuko da.
  • Uztailaren 24an 18:30ean San Juan auzoan: Indai eta Azkaiter Pelox (euriarekin Uberako frontoian).

Azkenik, Bergarako parkeetan izango diren antzerki emanaldiak:

  • Uztailaren 22an 19:00etan antzerki arinak Errekaldeko parkean: Tartean Teatroren BIBA VOI: DARIO FO ETA FRANCA RAME AKORDUAN.
  • Uztailaren 25ean 19:00etan Trapu Zaharra taldearen Mesede bat egiteagatik antzezlana Errotalde parkean.

Bukatzeko aire libreko zine emanaldi bat ere izango da Espoloian uztailaren 14an: Serafin Esnaolaren filma eta "Tiempos modernos", Charles Chaplinena.

Bestalde, abuztuan ere hainbat emanaldi izango dira:

  • Abuztuaren 5ean, 20:00etan, Irala kalean antzerkia kalean: Zirkugintza taldearen Zirkoteke.
  • Abuztuaren 26an, 19:00etan, Osintxu auzoan: Matraka man non troppo kale antzerkia.
  • Abuztuaren 29an, 12:00etan, Osintxu auzoan: Tio Teronen semeak taldearen Festamentua.
Departamento: