Erabaki honen arrazoi nagusia mahaiaren progresiorik eza izan da.

Ezaguna denez, igaro den ekainean Hondakinen Mahaia eratu zen. Bertan parte hartu dugu Bildu eta Aralarrek, Bergara Zero Zabor taldeak, PNV eta PSE alderdiek eta Bergara Garbia plataformako kideek. Mahaiaren hasierako helburua hondakinak biltzeko sistema adostea izan zen; izan ere, alde guztiok ikusten genuen gehiago birziklatzeko beharra, eta abiapuntu komun honek animatu gintuen aurrera egitera.

Luzaro jardun dugu lanean, gaiaren inguruan benetako eztabaida sortu da eta alde guztiok gerturatze ahalegina egin dugu, baina ez dugu lortu bakoitzak ezartzen genituen baldintzak bilduko dituen sistemarik adostea. Saiatu garen arren, behin eta berriz iritsi gara puntu batera non ezinezkoa izan zaigun aurrera egitea.

Udal Gobernuaren aldetik, hurbilketa egiteko asmoz, jatorriz proposatzen genuen atez ateko sistema egokitu eta sistema misto batera hurbiltzeko ahaleginak egin ditugu. Herritarrekin bideratutako parte hartze saioen ondoren prest azaldu ginen hiru kontenedore (urdina, horia eta beirarena) uzteko. Mahaia sortu zenean, Bergara Garbia eta PNV-PSEren planteamenduetara hurbiltzeko asmoz, aurrekoez gain kontenedore marroia, organikoa biltzekoa, gehitzeko prest azaldu ginen, bai gu eta baita Bergara Zero Zabor taldea ere.

Baina ikusi dugu beraien planteamenduetara hurbiltzeko gure ahaleginek, tamalez, ez dutela fruiturik eman. Gure ustetan adostasunetara iristeko asko eman dugu, beste aldetik ez dugu, ordea, malgutasun bera aurkitu.

Eztabaida politikotik aldentzeko ahaleginak ere egin ditugu eta teknikariei protagonismoa ematea proposatu zen. Hain zuzen, opor aurretik adostu genuena zera izan zen: Mankomunitateko teknikariei sistemen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eskatzea. Eta horrela egin genuen. Baina teknikarien txostenetatik eratorritako emaitzak aintzat hartzeko konpromisoa eskatu genuenean berriz ere oztopoekin aurkitu ginen.

Horrela, bilerak egiten jarraitu dugun arren, konturatu gara indarrak alferrik galtzen ari garela eta gure pertzeptzioa izan da ez gabiltzala aurreratzen, eta abiapuntutik hurbilago gaudela helmugatik baino.

Horrezaz gain, Mahaiak bilketa sistema adosteko izan duen ezintasunak Mankomunitatea osatzen dugun herriontzat programatu zen dinamika oztopatu du; izan ere, begi bistakoa da inbertsio berriak egin behar direla ahal bezain azkarren, esaterako, kontenedore eta kamioi berriak, eta hori ezinezkoa da erabaki zehatzik hartzen ez den artean.

Honegatik guztiagatik erabaki dugu hondakinen mahaian eramaten ari ginen eztabaida bukatutzat ematea eta parte-hartze prozesuan adostu zen hondakin bilketa sistemarekin aurrera egitea, hau da, papera, ontzi arinak eta beira orain bezala jasotzea (kontenedoreetan) eta organikoa eta errefusa esekitokian biltzea. Horretarako, Mankomunitateko teknikariei eskatuko diegu eten ziren planifikazio lanekin berriz hasteko.

Testuinguru berri honetan herritarrei lasaitasun mezua igorri nahi diegu.