“Bagenuen gogoa horrelako aurkezpen bat egiteko. Pentekoste jaiak berreskuratuko ditugulako bi urteko etenaren ondoren, horrek adierazi nahi duen guztiarekin”, Gorka Artola Bergarako alkateak horrela eman dio hasiera 2022. urteko Pentekoste jaiak aurkezteko agerraldiari.

“Aurretik ere esan dut, Bergarako Udalean kulturaren aldeko apustua egiten dugula, herri bizia nahi dugulako, parte-hartzailea eta aberatsa. Eta kulturak herri bat aberats egiten du. Urte osoan sustatu ditugu kultura ekimenak, eta baditugu uneak horiek modu trinkoan gozatzeko, herriko jaietan, esaterako”.

Iaz erabilitako menuaren metaforari erreferentzia eginez esan du: “Larunbat honetako Txaranga eguna izango dugu mokadua, eta jaietan menu osoa”. Hori prestatu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Halaber, herritar guztiak gonbidatu ditu “Pentekosteetan antolatu diren ekimenetan parte hartzera, alaitasuna partekatzera. Eta amaitzeko eskaera bat: bizi ditzagun jaiak elkar errespetatuz, elkar zainduz”.

Ekainaren 3tik 7ra bitartean egingo dira jaiak. Alkateak joan den astean iragarri zuen moduan, jaiei hasiera Aspace elkarteko Bergarako ordezkariek emango diote. Gipuzkoako Aspace elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta Bergarakoak 40.

Pandemia aurreko jaietako ekimenak berreskuratu, gauza berriak txertatu, kokalekuak ere antzekoak izango dira, baina badaude nabarmentzeko aldaketa batzuk, Ekaitz Aranberri Herritarren batzordeko lehendakariak azaldu duenez.

Barrakak ohiko gunean kokatuko dira, baina ez ohikoak liratekeen datetan. Jaien aurreko asteburuan, alegia, maiatzaren 27an jarriko dira, eta jaiak amaitu eta biharamunean desmuntatuko dituzte. “Bergara herri inklusiboa izan dadin lanean ari gara, eta bide horretan barrakei lotuta neurri bat ere hartu dugu: Behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako haurrek ere ferian gozatu dezaten, Gautena elkartearekin horrela adostuta, jaietako igande eta astelehenean (ekainak 5 eta 6) 17:00-19:00 ordutegian, ferietan ez da musikarik jarriko.

Horrez gain, ferien arduradunei eskatu zaie ilara egiten baldin badago premia bereziak dituen umeren bat, lehentasuna eman diezaiotela ilaran beti”, esan du Aranberrik.

Txosnagunea ere lekuz aldatuko da aurten. Zubieta kaleko birgaitze lanek ez dute txosnak Bideberrin jartzeko aukerarik ematen, eta Santa Marina eliza aurreko gunean, Oxirondon jarriko dira. Gunea hesitu egingo da, eta bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragin diezaieten neurriak hartuko ditu Udalak.
Hilabeteetako lanaren emaitza da egitaraua, eta elkarlanean osatutakoa, gainera. Herriko norbanako eta eragile askok hartu du parte aurtengo Pentekoste jaietako egitaraua prestatzen, izaera askotarikoak, eta emaitza ere halakoa izan da. Aranberrik esker hitzak ere izan ditu: “Guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet Bergarako Udalaren izenean bileraz bilera egin duzuen lanagatik”.

Horien artean: Bergarako Erraldoi Taldeak, herriko eskalatzaileak, Xaxau konpartsak, Jardun euskara elkarteak, Zezen-zale elkarteak, Inertzia goitibehera taldeak, San Joxepe erretiratuen taldeak, Arima galduak Jugger taldeak, Mugimendu Sozialistak, Duintasunak, Gaztelekuko ordezkariek…

Kultura, kirola, gastronomia, musika eta beste hainbat jasotzen ditu egitarauak. Adin eta gustu guztietako pertsonek lekua izan dezaten saiatu da Jai Batzordea.

Horietako batzuk dira:
• Mokoloblock topaketa. Aurten 1. aldiz egingo da Bergaran. Bergaran eskalada zaleak direnen laguntzarekin antolatu du Udalak. Herriko eraikin publikoak eskalatuko dituzte parte hartzaileek, Bergara erdialdekoak. Izen-ematea aurrez egin beharko da www.bergara.eus helbidean. Informazio gehiago erantsitako artxiboan.
• Herri bazkaria: aurten paella erraldoia egingo da. Txartelak gaur bertan jarriko dira salgai 18:00etan.
• Ekainak 5, igandea, 11:00etan. JUGGER ERAKUSTALDIA eta partidak Ipintzako futbol zelaian. Parte hartzea publikoari irekita. Antolatzailea: Arima Galduak jugger kirol kluba. Lehenengo aldiz egingo da ekitaldi hori Bergarako Pentekoste jaietan.
• Ekainak 5, igandea: Erraldoien eguna. 11:00etan Castellbisbal (Katalunia) eta Ondalan (Deusto) ERRALDOI TALDEEN KALEJIRA Espoloitik eta Urretxu eta Oñatiko erraldoi taldeena poligonotik San Martin plazara arte. Eta 11:30ean, ERRALDOIEN GUNEA San Martin plazan: erraldoien erakusketa, gomazko erraldoien erakusketa, palomita-makina, erraldoien liburuxka umeek margotzeko, umeentzat puzgarria... Antolatzailea: BET elkartea.
• Ekainak 5, igandea, 15:30ean, GOITIBEHERA LASTERKETA San Martzialgo bidean. Antolatzailea: INERTZIA kirol elkartea.
• Ekainak 7, asteartea, 12:00etan, HERRI KIROL ERAKUSTALDIA San Martin plazan. Aizkolariak: Hodei Ezpeleta, Alex Txikon, Ernesto Ezpeta Bihurri eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI. Harri jasotzaileak: Paulo Aspiazu eta Lierni Osa. Iparraldeko jokoetan: Karlos Aretxabaleta.
• Aspaldi herri Kirol saiorik ez dela egin Bergarako herrigunean. Goi mailako herri kirolariak etorriko dira, eta horien artean herrikoa den Paulo Aspiazu.

KONTZERTUAK:
Ekainak 4, larunbata, 23:00etan, Kerobia taldea San Martin plazan.
Ekainak 5, igandea, 21:30ean, Puro Relajo taldea San Martin plazan.
Ekainak 6, astelehena, 23:00etan, CAMP DANTZALDIA Cuarta calle orkestrarekin Espoloian.

Departamento: