Burdinola Irristaketa Klubak antolatuta lineako hockeyko 20 urtez azpiko emakumezkoen Espainiako txapelketa jokatuko da Bergaran, Labegaraietako kiroldegian ekainaren 24an, 25ean eta 26an. Orain dela egun batzuk hartu zituzten Bergarako udaletxean taldeko kideak Gorka Artola alkateak eta Aitor Aranzabal Kiroletako zinegotziak.

Burdinola Irristaketa Klubeko lehendakari orde Ione Oyangurenek eta Agustin Oyanguren lehendakariak azaldu zituzten txapelketaren nondik norakoak. Labegaraietako kiroldegian jokatuko den txapelketan zortzi talde arituko dira: CPLV (Valladolid), Tucans (Bartzelona), Vila-Real (Castellon), Aranda de Duero, Skulls (Valentzia), Tres Cantos (Madrid) eta Fenix (Madrid) izango dira etxeko Burdinola taldearekin batera.

Txapelketa antolatzeko, eta Espainiako federazioak hala eskatuta, lurzoru espezifiko bat izan behar dute Burdinolakoek. Hori horrela, 43.600 euroko kostua izan duen lurzorua erosi dute, eta harmailen babesa ere izango dute. Horrekin batera, kamiseta berriak ere estreinatuko dituztela adierazi zuten.

Gorka Artola alkateak txapelketa Bergaran antolatzearen garrantzia aitortuta, harago ere joan zen, "garrantzitsua da horrelako ekimenak bultzatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean urratsak ematen laguntzen dutelako. Ikusgai egiten dira emakumeak, eta baita "betiko" kirolak ez diren horiek", administrazioek horretan duten erantzukizuna nabarmenduz.

Emakumeen erreferentziak indartu egiten direla ere azpimarratu zuen Artolak:  "Ondoren datozen neskentzat, eta baita mutilentzat ere. Ez hori bakarrik, aukerarik ez dutenez haien kirola egiteko inguruan, Euskal Herritik kanpo jarduten dute, eta hala, Bergararen izena kanpoan zabaltzen lan egiten du Burdinolak. Eta une hau baliatu nahi dut horregatik eskerrak emateko. Lehiaketa gure herrira ekarrita, hori ere egingo da, Bergara erdigunean jarri, alegia, eta bertara etorriko den jende horrentzat guztiarentzat erreferentzia bihurtuko da".

Burdinola irristaketa elkarteak, 2017tik orain arteko ibilbidearen nondik-norakoak adierazi zituen Agustin Oyangurenek, aurkezpenean. Lerroko patin gaineko irristaketa eta hockeya sustatzea eta bultzatzea dela taldearen helburua izanda, Espainiako txapelketa antolatzea, urrats bat gehiago dela azpimarratu zuen.

Departamento: