Ekainaren 27an egin duen osoko bilkuran aho batez onartu ditu Bergarako udalbatzak udal jardunari lotuta landutako gai guztiak. Esaterako, lanerako espazioa partekatzeko UNEDen egoitzan sortuko den gunea kudeatzeko araudiari hasierako onarpena eman dio udalbatzak, dagokion prozedurari jarraituta jendaurrean egongo da hilabetez. Hari dagozkion tasak ezarri ahal izateko kreditu aldaketa ere onartu du. 

Gaur, ekainak 28, LGBT+ harrotasun eguna dela eta, adierazpen instituzionala onartu zuten bilkuran egon ziren EH Bilduk eta EAJ-PNVk aho batez. 

Bi mozio ere landu zituen udalbatzak. Pertsona errefuxiatuen eskubideen ingurukoa izan zen bat. Zehar-errefuxiatuekin taldeak aurkeztutako mozioari alternatiboa aurkeztea adostu zuten EH Bilduk eta PSEk. Testu bera adostu zuten Eibarren bi taldeek Podemosekin batera. EH Bilduren aldeko botoekin (8 boto) eta EAJ-PNVren (7 boto) kontrakoekin onartu zen. Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik boto azalpena egiterakoan asteburuan Melillan errefuxiatuekin gertatutakoei erreferentzia egin zien. EAJ-PNVk beste bi taldeek aurkeztutako mozioari alternatiboa aurkeztu zion, argudiatuz badagoela foro bat errefuxiatuen gaia lantzeko, eta ez dela bertan landu. 

Ezker Anitza-IU Debagoienak aurkeztutako mozioa, Bergarako Valogreene instalazioaren ingurumen-baimena eta 'Tapia legea' errekurritzeko, puntuka bozkatu zuten. EH Bilduk lehen bi puntutan alde bozkatu zuen, Udala interpelatzen duela ulertuta. Horietan esaten da, batetik, Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper BC SL enpresari emandako ingurumen baimenak udal administrazioaren berezko eskumenen aurka egiten duela. Bestetik, Bergarako Udalak bere eskumenak defendatzeko konpromisoa hartzen duela baieztatzen du, eta Udaleko txosten teknikoak aintzat hartuta ingurumen-baimen horren aurka errekurritzeko konpromisoa hartzen du. “Udal eskumenekoak ez direla” ulertuta beste bi puntutan abstenitu egin zen. EAJ-PNVk bere aldetik, lau eskaeren aurka bozkatu zuen, eskaerek "erabat ezberdinak diren gaiak nahasten” dituztela argudiatuta.

Osoko bilkuraren bideoa Udalaren Youtube kanalean dago ikusgai.

 

Departamento: