Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2023-11-16 10:05
UEMAk antolatutako ‘Egin nirekin ere Euskaraz’ kanpainara atxikitu da Bergarako Udala, euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia eginez. Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk gaur Ibarran aurkeztu duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.
Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys, zorionez.
Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Kanpainako bideoetan adierazi duten moduan, "badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako".
Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan diete gainerako herritarrei. "Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren", adierazi dute gaurko agerraldian izan diren Aimar Toma eta Andriy Tsera ibarrako ikasleek, esaterako.