Uda sartu berri den honetan, Bergarak Berumuga jaialdiaren 25. edizioa ospatuko du uztail honetan. Berumugak urte luzez izan du musika independente eta ausartaren aldeko apustua, ohiko ibilbide komertzialetik urrun dauden soinuak Bergarara ekarriz. Aurtengo edizio bereziak, gainera, aurrekontu handiagoa izango du (15.000 eurotik 20.000 eurora igo da), Bergarako Udalaren babesari esker.

Maite Usabiaga zinegotziak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “Berumuga Bergaran errotuta dagoen ekimen kulturala da, eta 25 urte hauetan zehar herriko zein kanpoko sortzaile eta ikusle asko elkartu ditu. Urtez urte hazi eta garatu den jaialdia da, baina beti bere esentziari leial: nazioarteko zein etxeko musikaren islada izatea, egunerokotasunean hain presente ez dauden musika estiloei lekua eginez”.

25. urteurrena ospatzeko, maila handiko lau proposamen izango dira Bergaran:

AMPARO SÁNCHEZ (Uztailak 4, ostirala)
Amparanoia talde mitikoaren liderra bakarka aurkeztuko da, "Ritual Sonoro" disko akustiko berriarekin. Bere alderdi pertsonal eta espirituala erakutsiko du, son, bolero edo tex-mex doinuekin, Willy Fuego eta Raly Barrionuevoren laguntzaz.

WAVY GRAVIES (Uztailak 11, ostirala)
Galiziako hirukote honek rock'n'roll basatia ekarriko du, garage, surf eta punkaren nahasketa oldarkor batekin. Rufus El Guarro eta Jorge Lorre anaiek sortutako banda honek benetako festa baten promesa dakar, The Sonics edo Link Wray-ren bertsioak eta kantu propioak eskainiz.

ITZIAR YAGÜE (Uztailak 18, ostirala)
Madrilen bizi den euskal jatorriko abeslariak jazz eta blues klasikoa eta garaikidea uztartzen ditu, swing, ragtime edo vodevil ukituekin. Donostiako Jazzaldian eta New Orleansen murgilduta, Itziarrek eszenaratze zoragarria eta ahots indartsua eskaintzen ditu.

AL DUAL (Uztailak 25, ostirala)
Rockabillyaren ikur eta Rockabilly Hall of Fame-ko kidea, Al Dualek 50-60ko hamarkadetako rock-and-roll soinu klasikoak berpiztuko ditu bere boskotearekin. Gretsch gitarren enbaxadorea eta Ameripolitan Awards saritua, gitarrarekin eta ahotsarekin maila gorenean.

Adjuntos: