Enviado por webmaster en Lun, 2025-11-17 10:37
Bergarako Udalak eta Bergara Kirol Elkarteak euskararen presentzia indartzeko ekimena jarri dute martxan kirol arloan. Horretarako, Goiena kooperatibarekin hitzarmena sinatu dute, helburua lortzeko aliatu gisa. Hiru erakundeek bat egiten dute euskararen sustapenean eta hizkuntza-ohiturak eraldatzeko erronkan.
Haurrak eta gazteak euskaraz eroso aritzeko, ezinbestekotzat jotzen dute eskolaz kanpo ere hizkuntza erabiltzeko aukerak sortzea. Horregatik, kirolean euskaraz aritzea eta euskarazko komunikabideak kontsumitzea –Goiena taldearenak kasu honetan– lagungarri direla azpimarratu dute. Monika Belastegik, Goienako lehendakariak, honela adierazi du: «Gaztetxoek ikusi behar dute euskara bizirik dagoen hizkuntza dela, egunerokoan erabilgarria eta benetakoa. Goienak horretan lagunduko du».
Egitasmoaren barruan, Udalak eta futbol sailak programa berezi bat abiatu dute, denboraldi honetan eta hurrengoan futbol taldeetako haur eta nerabeen euskararen erabilera sustatzeko. Horren parte da Hitzez Jolastu ekintza: partiduak amaitu ondoren, jokalariei elkarrizketak egingo zaizkie euskaraz, kirol hiztegi teknikoa erabiliz. Grabazioak sare sozialetan eta tokiko hedabideetan zabalduko dira; Goienak www.goiena.eus atarian argitaratuko ditu, hilabete honetan hasi eta maiatzaren amaierara arte, komunitatean esperientzia partekatzeko eta sentsibilizazioa indartzeko.
Programa hau Bergarako Udalaren 2023ko agintaldi planean jasotako helburutik sortu da, Ebete hizkuntza zerbitzuarekin elkarlanean. Eider Usobiaga Euskara zinegotziak azaldu du: «Talde batzuetan ahozko euskararen erabilera gutxitzen ari zela antzeman genuen, eta horri aurre egiteko ekimen hau diseinatu dugu».
Bergara Kirol Elkartea izango da Gipuzkoan halako programa batean parte hartzen lehena. Iosu Elorzak, elkarteko lehendakariak, hau nabarmendu du: «Urteak daramatzagu Udalarekin elkarlanean gazteen aisialdiko ekintzak sustatzen. Egitasmo hau ezagutzean, gure erantzukizun sozialari erantzunez, bat egitea erabaki genuen. Gainera, berritzailea da eta lurraldean lehenak gara; ilusioz gaude emaitzak ikusteko».
Ekimenean lau futbol talde arituko dira: Infantil neskak F8, Infantil mutilak 1 B, Infantil mutilak handi eta Infantil mutilak txiki. Guztira, 11-12 urte bitarteko 78 neska-mutiko. Unai Agirrebeña entrenatzaileak dioenez, lehen urratsak ondo doaz: «Jarraibide batzuk jaso ditugu futbolean euskaraz aritzeko. Tentsio uneetan erdarara jotzeko joera dugu, eta hori aldatzen saiatzen ari gara. Praktikan jartzen hasi gara, eta momentuz emaitza onak ditugu».

