Bergarako Udalak eta Fastening Competence Center – FCC elkarteak urteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Gorka Artola alkatearen eta FCC elkarteko lehendakari Ander Zamalloaren eskutik. Akordioaren bidez, Udalak 25.000 euroko dirulaguntza emango dio elkarteari, 2026an aurreikusitako jarduerak garatzen laguntzeko.

FCC elkartea torlojugintza sektoreko ezagutza, berrikuntza eta lankidetza sustatzeko sortutako erakundea da. Proiektuaren baitan, sektoreko enpresen artean sare lana, digitalizazio prozesuen bultzada, harreman instituzionalak, marketing ekimenak, pertsonen kudeaketarako laguntza eta merkatu-azterketak garatzen dira, besteak beste.

Bergarako Udalak azken lau urteetan izan du parte aktiboa FCCren zuzendaritza batzordean, eta 2025ean ere 25.000 euroko dirulaguntza eman zion proiektuari, haren garapena babesteko.

Hitzarmen berriak hainbat betebehar jasotzen ditu:
• Elkarteak hiruhilero proiektuaren garapenei buruzko txostenak aurkeztu beharko dizkio Udalari.
• Komunikazio publikoetan eta ekitaldietan euskararen erabilerari lehentasuna ematea.
• Irudi eta hizkera ez-sexistaren erabilera bermatzea.

Bi erakundeek adierazi dutenez, hitzarmen honek “industria sektore estrategiko baten garapena sendotzen jarraitzeko aukera ematen du, Bergararekin eta bertako empresa sarearekin lotura estua mantenduz”.