Bergarako Udalak Urteagako bidegorriaren 5. fasea garatzeko lanei bultzada berria eman die. Izan ere, kontratazio prozesuan, Construcciones Zubieder SL enpresaren proposamena onartu du Udalak lehiaketa publikoan. 143.333,91 euroko eskaintza ekonomikoa egin du (BEZik gabe).

Proiektu honen helburua da Urteaga kaleko bidegorriari jarraipena ematea, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen tartearen eta gaur egun autobus geltokiaren ondoan dagoen bidegorriaren artean lotura osatuz. Horrela, Bergarako hego-ekialdeko auzoak, industrialdea eta herrigunea modu seguruago eta jasangarriagoan konektatuko dira.

Proiektuak hainbat hobekuntza aurreikusten ditu: bidegorriaren eta trafiko motordunaren arteko bereizketa fisikoa, semaforizazioa, segurtasun-elementu berriak, LED argiztapenaren indartzea eta irisgarritasun neurriak, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko.

Obraren aurrekontu orokorra 175.137,61 eurokoa da (BEZa barne), eta exekuzio epea lau hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Markel Azkargorta zinegotziaren esanetan, “proiektuak mugikortasun jasangarria sustatzea, bide-segurtasuna hobetzea eta Bergarako bidegorri sareari jarraipena ematea da helburu nagusia. Horren bidez, Antzuolarako lotura osatzeko eta eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera bultzatzeko beste urrats bat emango da”.

Gainera, Bergarako Udalak 100.000 euroko diru-laguntza jasoko du fase honen lanak egiteko Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, eta, guztira, 500.000€ko diru-laguntza jasoko du aurreko fase guztietan jasotakoa kontuan izanda.