Industrias UGATU omendu dute Ekinolaren seigarren edizioan, Bergarako industria eta enpresa sareari hamarkadetan egindako ekarpena aitortzeko. Enpresaren 70 urte baino gehiagoko ibilbidearekin batera, industria sektorearen aldaketetara egokitzeko eta berritzeko izan duen gaitasuna eta etorkizunera begira egindako apustua nabarmendu dira ekitaldian.

Ekinolak sei edizio bete ditu aurten, eta beste behin ere ekintzailetzaren, enpresaren eta berrikuntzaren inguruan elkartzeko eta hausnartzeko gune izan da. Aurreko edizioetan bezala, Bergarako enpresen ibilbidea aitortu eta gaur egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko duten gaitasuna balioan jarri nahi izan du Udalak. Iaz, esaterako, Mujika Burdindegia omendu zuen, mende bat baino gehiagoko ibilbidea eta azken urteetan enpresa-proiektuari emandako bultzada aitortuz.

Aurten, aitortza Industrias UGATUrentzat izan da. Enpresaren jatorria 1955ean dago, azkoinen fabrikazioan hasi zenean; urtebete geroago, 1956an, torlojugintzan hasi zen. Ordutik, 70 urte baino gehiagoko bidea egin du, Bergarako industria-sarearen parte izanez eta urte hauetan izan diren aldaketa ekonomiko, teknologiko eta sozialetara egokituz.

Hain zuzen ere, Maite Usabiaga zinegotziak omenaldian azpimarratu duenez, “enpresa baten balioa ez dago soilik egindako urteetan, baizik eta urte horietan guztietan aurrera egiteko, eraldatzeko eta berritzeko erakutsitako gaitasunean”.

Horren adibide da UGATUk berak egindako bilakaera. Fabrikaziotik merkaturatzera egin du bidea eta, ondoren, digitalizazioari heldu dio. Sektore tradizional batean jardun arren, merkataritza elektronikoa eta bezeroentzako zerbitzu digitalak txertatu ditu, eta gaur egun 80.000 erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu online dendan.

Omenaldian Usabiagak nabarmendu duen beste ideia nagusietako bat izan da industria tradizioa eta berrikuntza ez direla kontrajarriak: “UGATUren ibilbideak erakusten du urteetako esperientzia eta ezagutza oinarri izan daitezkeela egoera berrietara egokitzeko, berritzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Horregatik, UGATUri egindako aitortzak ez dio soilik enpresaren iraganari begiratu. Gaur egun egiten duen lana eta etorkizunera begirako izaera ere aitortu nahi izan ditu Udalak, bereziki belaunaldi berrientzat eta gazteentzat erreferente izan daitekeen enpresa-proiektu gisa. Horrela, Ekinolaren seigarren edizioak Bergarako industria historiaren parte den enpresa baten ibilbidea aitortzeko eta, aldi berean, etorkizunera begiratzeko aukera eman du.